argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria sexista salatzeko elkarretaratzea, Tuteran
  • Emakume batek salatu du larunbatean (urtarrilak 11), goizaldeko zazpietan, gizon batek eraso ziola Erriberako hiriburuko Neguko Pasealekuan. Foruzaingoa erasotzailearen bila ari da.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko urtarrilaren 13a
Urtarrilaren 12an, elkarretaratzea Tuteran.

Emakume batek sexu erasoa jasan duela salatu du igande honetan Foruzaingoaren aurrean. Dagokion atestatua epaitegira bidali ondoren, ikerketa ireki dute orain, gertakarien egilea identifikatzen saiatzeko. Erasoa gaitzesteko eta biktimari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo, urtarrilak 12, 300 bat lagunek.

Salaturiko sexu erasoaren aurrean "gaitzespen sakonena" agertu du Nafarroako Gobernuak, eta, aldi berean, babesa eta elkartasuna adierazi die biktimari eta haren familiari. Exekutiboak "adierazpen matxista ororen aurka borrokatzeko konpromiso irmoa" adierazi du ohar baten bidez, eta herritarrei dei egin die gaur arratsaldeko 19:00etan Tuteran deitutako elkarretaratzean parte hartzera. Ekitaldia Tuterako Foruen Plazan izango da eta Javier Remirez Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria bertan izango da.

Foru Exekutiboak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (Nabi) bidez, honako hau nabarmendu du: "Emakumeen aurkako erasoak ez dira gertakari isolatuak, baizik eta emakumeenganako indarkeriaren testuinguruan kokatu behar dira, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen eta isla basatiena baita gure gizartean".

Hori dela eta, "indarkeria mota hori prebenitzeko biderik eraginkorrena, emakume izateagatik emakumeen aurka egiten dena, politika publiko feministak" direla azpimarratu du, eta "emakumeen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta herritartasun osoaren aurka egiten duten indarkeria mota guztiak desagerrarazteko lanean jarraitzeko erantzukizuna" berretsi du.

Gainera, "eraso sexisten prebentzioan eragiten jarraitzeko konpromiso irmoa" agertu du, "emakumeen aurkako indarkeria-egoera bakar bat ere egon ez dadin", eta "noizbait eraso edo indarkeria matxista egoerak bizi izan dituzten emakume guztiei babesa eta elkartasuna" adierazi die.

Tuterako Udalak “irmoki” salatu du gertaturikoa, justiziak bere lana egin dezan lagunduko duela iragarri du, eta biktimari elkartasuna adierazi dio.