argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria sufritzen duten hamar adingabeetatik zortzi neskak dira
  • Save the Children erakundeak adigabeen kontrako sexu erasoei buruzko sententziak aztertu ditu. Datuok soilik “icebergaren punta” direla azpimarratu dute, kasuen %15a baino ez baitira salatzen.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 06a
Argazkia: Sutterstock

“Indarkeriaren biktima diren hamar adingabeetatik zortzik, erasotzailea ezagutzen dute. Oraindik ere familia ingurua da indarkeria gehien erreproduzitzen duen eremua”, dio Save the Children erakundeak osatu duen txostenak. Lan horretan adingabeen kontrako sexu erasoei buruzko sententziak aztertzen dituzte.

Barne Ministerioaren azken datuen arabera, sexu abusuen aurkako 8.317 salaketa aurkeztu ziren 2021ean; horietatik, %82,7 nesken aurkako erasoak izan ziren. Baina Catalina Perazzok, Save the Childreneko eragin sozial eta politikoko buruak, berretsi duenez datuok soilik “icebergaren punta” dira, kasuen %15a baino ez baitira salatzen.

Datuok kontuan izanda, haurren sexu abusuaren frogarik handiena “biktimaren deklarazioa” dela aitortu du erakundeak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, esaterako, kasuen %69,6an erabili da biktimaren deklarazioa “frogabide nagusi” modura. Datuen arabera, gainera, biktima batzuek “behin baino gehiagotan” deklaratu behar izaten dute, eta epaiketa baino lehen “hiru aldiz deklaratu behar izaten dute polizien eta fiskalaren aurrean, eta epaitegian”.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuei jarraiki, profilak zehatzak dira. Biktimaren kasuan, 10-14 urte bitarteko neskak. Erasotzaileei dagokienez, berriz, ezagunak izan ohi dira haurrentzat, inguru-familiarreko kidea izan ala ez.

Barnahus eredua

Save the Childrenek proposatu du “arreta integralekoa” izango den Barnahus eredua ezartzea, zeinak biktimaren lekukotza ingurune adiskidetsuan grabatzeko aukera ematen duen, teknologia egokiarekin, profesional espezializatuarekin eta prestakuntza handiarekin. Haurrak bere testigantza “behin baino gehiagotan” errepikatzea ekidingo luke horrek. Euskal Herrian, Gasteizen abiatuko dute lehena, urte amaieran.