Sanferminak ate joka diren honetan, jai eremuan ematen diren indarkeria matxistak eta hauek sostengatzen dituen sistema jo-puntuan daudela adierazi dute, autodefentsa feminista aldarrikatzearekin batera.
Asteazkenean, uztailak 4, manifestazioa deitu du Iruñeko Farrukas talde feministak “Sugarretik sutera. Kixkali dadila heteropatriarkatua!” lemapean. Errekoletak plazatik abiatuko da 22:00etan, eta urtero bezala, aurten ere beltzez jantzita eta buru-berokiaz joatea iradokitzen du kartelaren irudiak.
“Berriz ere autodefentsa feministaren aldeko aldarria egiten dugu, erasoen aurrean isilik, esaneko eta pasibo nahi gaituzten horiei amorrua adierazteko tresnarik onena baita. Sugarra etengabe zabaltzen, kutsatzen, kolektibizatzen ari da. Borrokatuz, dantzan jarraituko dugu, gure aurrerapauso bakoitza ospatuz. Mugimendu feministaren su iraultzailea inoiz baino biziago dago. Hasi ginenean baino gehiago gara, eta hala izango gara. Uztailaren 4an kaleak amorruz erreko ditugu!”, adierazi dute manifestaziora deitzen zabaldu duten bideoan.