Aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian hil duen bosgarren emakumea da. Senarrak larunbatean emandako jipoiaren ondorioz hil da astelehenean Iruñeko ospitalean.
Berriak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak indarkeria matxista kasutzat jo du Uharteko emakumearen hilketa. Emakumea larunbatean aurkitu zuten etxean zauriturik larrialdi zerbitzuek eta foruzaingoak, eta atzo senarra behin-beninean eta bermerik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak, martxan zen ikerketaren arabera hiltzailea izan zitekeelakoan.
Nafarroako Gobernuak, gertakariaren aurrean, indarkeria matxista “erauzteko” konpromiso “irmoa” duela adierazi du. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Olloren hitzetan “indarkeria matxista emakume eta gizonen arteko desparekotasunaren adierazgarri bortitzena da”, eta ohartarazi du aurtengo urtarrila eta uztaila artean 748 emakumek salatu dutela Nafarroako komisarietan indarkeria matxista pairatu izana. Egoitza judizialean jasotako salaketei gehituz gero, “eguneko lau salaketa baino gehiago” lirateke Nafarroan.
Erailketa gaitzesteko, Uharteko Udalak eta mugimendu feministak mobilizazioak deitu dituzte asteazkenerako. Udalak elkarretaratzea egin du 13:00etan Uharteko Udal plazan, eta mugimendu feministak arratsaldeko 19:30ean egingo du, plaza berean.
Donostia, Gasteiz eta Bilbon ere mobilizazioak deitu ditu ostegunean Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. Donostian 19:30ean Bulebarrean elkartzera dei egin dute, Gasteizen 20:00etan Andra Mari Zuriaren plazan, eta Bilbon 20:00etan Arriagan.