argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistatik aske diren bizitzak irudikatu dituzte, Asun Casasolaren omenez
  • José Diego Yllanes iruindarrak Nagore Laffage hil zuen 2008ko Sanferminetan. Alabaren hilketagatik justizia egiteko, gertakaria ahanzturan ez erortzeko eta indarkeria matxistaren aurkako lanean tinko aritu da Asun Casasola irundarra. Bere omenez antolatu duten ipuin lehiaketak harrera arrakastatsua izan du.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko martxoaren 09a

Txingudi Anti Sexistaren ekimenez, Asun Casasola ipuin motzen lehiaketa egin da, Indarkeria matxistatik askeak diren bizitzak gaia abiapuntu hartuta. Euskarazko eta gaztelaniazko 108 lan aurkeztu dira denera, “berdintasunean bizitzeko gizarte baten alde lan egitearen beharra” azpimarratu duten 108 idatzi.

Martxoaren 8a baliatuz, hautaturiko zortzi ipuinen irakurraldi musikatua egin dute Irunen eta parte hartu duten idatzi ugari irakurgai jarri dituzte kalean bertan, herritarren eskura, baita sariak banatu ere. Asun Casasolak berak hartu du parte, bai sarituak aukeratzeko epaimahaian, bai ekitaldian bertan. Hunkituta, esker ona adierazi eta halako ekimenetan jendea inplikatuta ikusteagatik baikor agertu da.

Aktibista nekaezina

Asun Casasolaren borroka eredugarria nabarmendu dute Txingudi Anti Sexistako kideek: "Nagore Laffage galdu genuenetik, bere familiari gertatutakoa berriz gerta ez dadin lanean aritu da eta oraindik ere dihardu Asunek, dokumentaletan parte hartzen, mobilizatzen eta berdintasunaren alde dabiltzan eragileen deiak erantzuten. Asunek egindako lana goraipatu nahi dugu eta Nagoreren memoria bizirik mantendu, guztiok garelako Nagore". Ipuinetan indarkeria matxistak zipriztindutako errealitatea nagusitu den arren, bestelako etorkizun baten itxaropena agertu du Txingudi Anti Sexistak.

Ipuin irabazlea

Irakurri euskarazko ipuin irabazlea, Onintza Irigoien Aizpitarte eibartarraren Milaka izen dituen protagonistaren ipuina.

Asun Casasola, ekitaldi amaieran, alboan Oihana Etxebarrieta ekitaldiko aurkezlea duela.