“Promesa faltsuez nazkatuta” daudela azpimarratu dute milaka emakumek, eta erakunde guztiei eskatu diete politika feministekin “konprometitzeko”. Indarkeria matxistak hil dituen andre guztiak gogora ekarri dituzte.
“Amorruak ematen duen indarrez” hartu dituzte kaleak milaka emakumek Azaroaren 25ean. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean ozen aldarrikatu dute indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, hiriburuetan eta hainbat herritan manifestazioak egin dituzte. “Minduta eta nazkatuta”, gogorarazi dute aurten gutxienez bost andre hil dituztela Euskal Herrian; 2003an hilketa matxistak kontatzen hasi zirenetik, 112 andre eta hamaika ume erail dituzte. Salatu dute azken urtean emakumeek eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek “ehunka eta ehunka” eraso jasan dituztela “kalean eta etxean”.
Bortxa horiei aurre egiteko autodefentsa feminista antolatzeko deia egin dute: “Gure bizitzak defendatzeko, ikasi ditugun arauak zalantzan jartzeko, indarkeria zein askotariko errealitateei modu indibidualean eta kolektiboan aurre egiteko”. Aldarrikatu soilik ez, “boteretze kolektiboa” erakutsi ere egin du mugimendu feministak, deiadar artean kaleak eta plazak berenganatuta.
Este #25N a pesar de la lluvia, el frío y el viento ? #Bilbao se unió en un Grito #Feminista ? contra la #violenciamachista ?? Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain ? GORA BORROKA FEMINISTA!!! pic.twitter.com/3CvCJghkq6
— Ecuador Etxea (@EcuadorEtxea) November 25, 2021
Gaur eta egunero ozen esango dugu... INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZAK NAHI DITUGU! pic.twitter.com/hRNTv7FIZP
— Donostiako Bilgune Feminista (@donostikoBF) November 25, 2021
Argitu dute egungo jendarte eredua “jasangaitza” dela “emakume eta genero disidenteentzat”. Horregatik, “morez mozorroturiko adierazpen instituzionalak” zein “promesa faltsuak” baztertu eta “benetako politika feminista eraginkorrak” eskatu dituzte; erakunde guztiei galdegin diete indarkeria matxista ezabatzeko lan egiteko.
Iruñeko manifestazioa bideo batean jaso du Ahotsa.info atariak:
Pandemian bikoiztu egin dira eraso matxistak
Nazio Batuen Erakundeak azaroaren 25ean bertan jakinarazi du pandemia hasi denetik bikoiztu egin direla eraso matxistak. Argitaratutako txosten baten arabera, munduan hiru emakumetik batek pairatu du noizbait indarkeria matxista. Gainera, erasoa jasandako hamar andretatik soilik bakarra joan da Poliziara; laguntza telefonikoa aukeratzen du askok: pandemia aurretik baino bost bider dei gehiago jaso dituzte. NBEk 40.000 milioi dolarreko funtsa aurreikusi du emakumeen nazioarteko erakundeei laguntzeko. Gobernuei “neurri zehatzak” hartzeko eskatu diete.