argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistari aurre egiteko 15 neurri onartu ditu Espainiako Gobernuak
  • Asteartean onartu dute neurrien katalogoa. Salaketarik jarri ez duten emakumeei laguntzeko eta indarkeria bikarioaren biktimak diren haurrak babesteko protokoloak jarriko dira martxan.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 28a
Irene Montero berdintasun ministroa. Argazkia: Espainiako Berdintasun Ministerioa

Espainiako Ministroen Kontseiluak asteartean onartu zuen indarkeria matxistari aurre egiteko 15 neurriko katalogoa. Genero indarkeriaren aurkako legea eguneratzeko hartutako “premiazko” erabakiak biltzen ditu dokumentuak. Bost sailek —Barne Ministerioak, Berdintasunerakoak, Osasunerakoak, Eskubide Sozialetarakoak eta Justiziakoak— lankidetzan proposatutako katalogoa da. Plan horrekin, indarkeria matxistaren biktimak izanik, salaketarik jarri ez duten emakumeei laguntzeko neurriak hartuko dira. Bestalde, indarkeria bikarioa jasan dute haur eta umeak babesteko protokoloa ere ezarriko da.

Alarma egoera indargabetu zenetik, indarkeria matxista kasuak asko ugaritu dira. El Diario hedabidearen arabera, maiatza eta ekaina bitartean hil zituzten emakumeen kopurua urteko lehen lau hilabeteetakoaren bikoitza izan da. Gorakadaren aurrean, Espainiako Gobernuak kasuen detekziorako eta arretarako protokolo estandarizatua jarriko du martxan.

Indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeek eta haien familiek eskura dituzten zerbitzu sozialak jasotzeko —etxebizitza eta diru laguntzak kasu— “lehiatila bakarra” sortuko dute. Erreparazioa eta laguntza eskuratzeko beharrezko izapide guztiak administrazio bakarrean egin ahal izango dituzte biktimek hemendik aurrera.

Salaketarik jartzen ez duten emakumeen kasuan —2019an artatuen %30 ziren, El Diarioren arabera— eta prozesuan atzera egiten duten biktimen kasuan, ekiteko bide berriak jarriko dira martxan: VioGén eta Atrenpro zerbitzuak eta Zero Protokoloa. VioGén sistemak komisaldegiek eta oinarrizko zerbitzu sozialek zein espezializatuek indarkeria matxista kasuen balorazioa eta jarraipena egiteko balioko du. Justizia Ministerioarekin, Berdintasun Ministerioarekin eta Barne Ministerioarekin egongo da lankidetzan. Azken sail horrek Zero Protokoloa abiatuko du: salaketarik ez dagoenean, emakumearen familiaren testigantzak bilduko dira ebaluazioa egin eta babeserako neurri polizialak hartu ahal izateko.

Atenpro zerbitzuak, berriz, biktimei laguntza telefonikoa eskainiko die 24 orduz. Protokoloa martxan dago jadanik, baina neurrien katalogo berriarekin, “hobetu” egingo dutela azaldu dute. Zer neurri hartuko diren zehaztu ez bada ere, zerbitzua salaketarik ez dagoen kasuetan erabiltzeko aldaketak proposatuko direla esan dute.

Indarkeria bikarioa eta hezkuntza

Aldaketek indarkeria matxistaren biktima zuzenei ez ezik, indarkeria bikarioa pairatzen duten haur eta umeei ere eragingo die. Administrazioak zerbitzu sozialek eta justizia zein familia arloek lankidetzan jarduteko protokoloa ezarriko du, eta jarduteko gida estandarizatua sortuko dute kasu horiek identifikatzeko eta biktimei babesa emateko.

Prebentziorako neurria gisa, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak jarri nahi dituzte martxan, sexu indarkeriaren aurka egin eta “tratu onak” sustatzeko asmoz. Batetik, poliziek eta justizia arloko langileek formakuntza saioak jasoko dituzte. Bestetik, biztanleriarengan eragiteko, sare sozialekin lankidetzan jardungo du exekutiboak, emakumeekiko diskriminazioa eta indarkeria sustatzen dituzten kontuen aurkako neurriak hartuz. Azkenik, indarkeria matxistagatik zigorren bat jaso dutenak "hezteko erremintak" erabiliko dituzte.

Legearen eragina EAEn

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendari nagusiak Berria hedabideari adierazi dioenez, baliteke Espainiako Gobernutik iritsitako aldaketek eragin mugatua izatea EAEn. Hedabideetatik jaso duten informazioaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan “jada martxan dauden proposamen batzuk” aipatzen dira legean. Halere, Emakunde eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua egindako proposamenak “zehaztasun handiagoz” ezagutzeko zain daude, eragin ditzaketen aldaketak zeintzuk diren jakiteko.