argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistaren lau kasu salatu dituzte Laudioko Jaietako lehen orduetan, eta horien aurrean geldirik ez geratzeko deia zabaldu dute
  • Asteazken gauean egin zuten erasoak salatzeko mobilizazioa, Laudioko Mugimendu Feministak eta Txosna Batzordeak deituta. 

Aiaraldea @aiaraldea 2023ko abuztuaren 18a
Argazkia: Aiaraldea

Indarkeria matxistaren lau kasu salatu ditu orotara Laudioko Mugimendu Feministak jaietako lehen orduetan. Atzo egin zuten erasoei erantzuteko mobilizazioa Txosnagunean, 22:00etan. Ehunka lagun bertaratu ziren eragile feministak eta Txosna Batzordeak eginiko deialdira. 

Emakume eta identitate disidenteek “amaigabeko indarkeria matxista” pairatzen dutela salatu zuten, eta nabarmendu zuten Laudioko jaien lehen eguna ez zela “salbuespena” izan.

Lehenbizi, King Africaren kontzertuaren kasua eman zuten aditzera, musikariaren izena zuzenean aipatu ez bazuten ere: “Jaietako eszenatoki nagusietako batean gure gorputzak sexualizatzen dituzten mezuak zabaldu ziren modu sistematikoan. Herrietako plazetan horrelako mezuak libreki zabaltzeko eskubidea sentitzen duten bitartean, gizarte matxista elikatzen jarraitu besterik ez da egiten”.

Ondoren, aurreko egunean Txosnagunean salatutako erasoari egin zioten erreferentzia: “Tragoak zerbitzen dizkiguten emakumeak, izan taberna zein txosnetan, tragoak zerbitzeko lana hartu dute, ez besterik. Zuen begirada eta komentario erasotzaileak soberan daude, eta ez ditugu onartuko. Ez zaituztegu gure espazioetan nahi”.

“Hankak edo gorputza lokartzen ari zaizkizula uste baduzu, ez bakartu eta eskatu laguntza norbaiti edo deitu mugimendu feministaren salaketa telefonora (747 412 433). Baliteke substantziaren batekin eginiko eraso matxista izatea”

Beste kasu baten berri ere eman zuten, herriko taberna batean jazotakoa: “Taberna bateko langile batek bertan zegoen neska bat erasotu zuen komunetan. Jai espazio seguruak bermatzea denon lana da, eta tabernako jabeari dagokion ardura eta neurriak hartzea exijitzen diogu”. 

Bukatzeko, “abisu” bat ere eman zuten: “hankak edo gorputza lokartzen ari zaizkizula uste baduzu, ez bakartu eta eskatu laguntza norbaiti edo deitu mugimendu feministaren salaketa telefonora (747 412 433). Baliteke substantziaren batekin eginiko eraso matxista izatea”. 

Mugimendu feministako kideen hitzetan, aipatutako kasuek agerian uzten dute indarkeria matxistak

“lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala” izaten jarraitzen duela. Gauzak hala, erasoen aurrean geldirik ez geratzeko deia luzatu zuten atzoko elkarretaratzean. “Gure elkartasun, babes eta indarrik beroenak jaiak hasi bezain pronto honelako erasoak jasan behar izan dituzten guztiei, zuekin gaude! Guri lanean jarraitzea dagokigu, espazio seguru eta gozagarriak sortzen jarraitu eta neurriz kanpoko jarrera oro salatuz”.