argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistaren forma berriak aztergai

Irene Ruiz Maitane Urkola 2024ko otsailaren 22a

Gero eta gehiago dira Adimen Artifizialeko (IA) aplikazioen bidez sortutako irudi faltsuei buruzko berriak. Ikerketa Soziologikorako Zentroak indarkeria matxistaren inguruan egindako barometroaren emaitzak ere ez dira oharkabean pasa; barometroaren arabera, bost gaztetik batek ukatu egiten du indarkeria matxista. Ez dira gertakari isolatuak, kasu horiek indarkeria matxistaren bilakaera ezaugarritzen duten, eta batez ere, gazteen artean sakontzen ari diren bi joera nabarmentzen dituzte: indarkeria forma berrien gogortzea, batik bat teknologia berrien eraginez, eta ideia erreakzionarioen zabalpena.

Gizarte kapitalistaren garapenak, indarkeria matxista baztertu beharrean, testuinguru berrietara egokitzen du indarkeria bera, aplikazio digitalen bidez gauzatzen den biolentzia, kasu. Teknologia berrien hedapenak eduki sexualerako sarbidea erraztu du. Gaur egun, eduki pornografikoa partekatzen den plataformetan ez ezik, egunero erabiltzen diren beste aplikazioetan ere aurki daiteke sexu-edukia, hala nola Instagram, Tik-tok edota Onlyfans aplikazioetan. Era berean, beharrezkoa da IAk betetzen duen funtzioa nabarmentzea, edozein motatako edukia sor baitaiteke aplikazio horien bitartez.

Plataforma horiek guztiak emakumea sexu-objektu definitzen duten merkatuaren parte dira eta, beraz, emakume langileon aurkako edozein indarkeria mota sostengatzen dute. Hori dela eta,  belaunaldi gazteenengan eragin ditzakeen ondorioek arduratzen gaituzte, ohiko praktika bilakatu baitira, esaterako, irudi sexualak partekatzeko WhatsApp taldeak sortzea edota nesken aurkako mehatxuak eta irainak.

Gizarte kapitalistaren garapenak, indarkeria matxista baztertu beharrean, testuinguru berrietara egokitzen du indarkeria bera, aplikazio digitalen bidez gauzatzen den biolentzia, kasu

Indarkeria matxista emakume langileon errealitatearen aurpegi gordinenetakoa da eta  kapitalismoaren barruan behin eta berriz erreproduzitzeko baldintzak ditu. Gizarte kapitalistak emakume langilea bigarren mailako subjektutzat du eta indarkeria matxistak egoera hori indartu egiten du, eta zapalkuntzan sakondu. Indarkeria matxistaren existentzia beharrezkoa da ekonomia kapitalistaren mantenurako, eta egitura sozial horrek etengabe erreproduzitzen du.

Horrez gain, ideia erreakzionarioen eta matxisten areagotzea ikus dezakegu erakundeetan, plataforma digitaletan edota kalean. Gero eta gehiago dira indarkeria matxista minimizatzen edo, zuzenean, ukatzen duten gazteak, bigarren mailako arazo ikusten baitute. Era berean, alderdi politiko eskuindarrek zabaldutako diskurtso erreakzionarioa aipatu beharra dago, aurretik aipatutako ideien sostengu izan baita.

Bestalde, matxismoaren aurka ezker hegalak egiten dituen proposamen elektoralak indarkeriaren kudeaketa soilera mugatzen dira: eskaintzen dituzten baliabideak mugatuak dira, bitartekoen kalitatea ez dute bermatzen eta, gainera, ez dituzte egoera horretara kondenatzen gaituzten miseriazko baldintzak baztertzen, ez materialak, ez kulturalak. Emakume langileon interesen alde egin beharrean, alderdi instituzionalek eta burokratek beraien interes politikoak babesten dituzte, beraien zein klase ertaineko kideen posizio ekonomiko-sozialari eusteko asmoz. Aldaketarako aukera bakarra lege-erreformetan kokatzen dute, erreforma horiek eraginkortasun eza frogatu arren, ez baitute ideia erreakzionarioen zabalpenari aurre egiteko ere balio izan. Gainera, kontutan izan behar dugu eskuinaren gorakada sozialdemokraziak krisi egoera eraginkortasunez kudeatzeko izan duen ezintasunaren ondorio dela hein batean.

Egiturazkoa den arazo hori amaitzeko, ezinbestekoa da indarkeriarik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte antolaketa bat sortzea. Gaurdanik, norabide horretan baldintza sozialak eta politikoak eraiki behar ditugu, indarkeria matxista normalizatzen duten industriei aurre eginez eta gure bizitzaren gaineko kontrol handiagoa lortzea ahalbideratuko digun indar politikoa eraikiz. Indarkeria matxistaren aurrean erantzun irmoak garatu behar ditugu, instituzioek auziari aterabidea emateko erakutsi duten ezintasuna alde batera utzita, baita bere planteamendu aurrerakoienean ere.

Irene Ruiz eta Maitane Urkola, Itaiako kideak