argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistaren salaketak %9,3 jaitsi ziren iaz Hego Euskal Herrian
  • 2020an indarkeria matxistaren aurkako 7.151 salaketa jarri zituzten. 2019.urtean baino 737 salaketa gutxiago, baina adituen arabera, datuak ez dira errealak, COVID-19ak eragindako izurritea dela-eta.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 16a
Argazkia: Emakunde

Salaketen kopurua %9,3an jaitsi zen iaz Hego Euskal Herrian, Espainiako Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako behatokien datuen arabera.

Txostenak emakumeen egoera jasotzeaz gain, adingabeena ere jaso du. Adingabeen kasuan igoera nabarmena egon da, iaz 24 adingabekok jasan zituzten indarkeria matxistak eta 2019ko datuek diotenez, urte hartan ez zen kasu bat ere jaso. Behatokiko kideek ohartarazi dutenez, pandemiaren ondorio zuzenak izan dira datu hauek.

Pandemiaren ondorioz datuak ez direla “errealak” ohartarazi dute. Itxialdi garaian biktima asko erasotzaileekin egon behar izan dira etxean sartuta eta honek laguntza eskatzeko aukerak murriztu ditu. Txostenean salaketa hauek jartzeko bideak zeintzuk izan diren ere ageri da.

Berria egunkariak informatu duenez, bortizkeria matxistaren biktima gehienek polizia etxeetara jotzen dute. Hego Euskal Herriaren kasuan, 2020ko urte amaieran 1.028 emakume joan ziren komisaldegietara, eta beste batzuetan familiak jarri du salaketa. Beste aukera batzuk dira biktima zuzenean epaitegietara joatea, poliziak zuzenean esku-hartzea edo laguntza zerbitzuetatik salaketa jartzea.