argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistaren biktimak erasotzaileengandik babesteko teknologiak ez du behar bezala funtzionatzen
  • 68 emakume dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan indarkeria matxista jasan eta dagokion erasotzailearengandik babesteko gailu elektronikoa darabiltenak. Gailuak, ordea, ez daude eguneratuta, haien sarea hirugarren belaunaldikoa baita (3G).

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 20a
Indarkeria matxista jasan duten emakumeak erasotzaileengandik babestekodarabilten gailua Indarkeria matxista jasan duten emakumeak erasotzaileengandik babestekodarabilten gailua

Hego Euskal Herrian indarkeria matxista jasan duten 68 emakumek haien erasotzaileengandik babesteko darabilten gailu elektronikoa ez dago inolaz ere eguneratuta. Aipatu gailuak, 3G teknologia darabil eta hainbat lekutan estaldurarik gabe geratzen da. 2025etik aurrera ezinezkoa izango da 3G-a erabiltzea.

Muga teknologiko horiek zaildu egiten dute erasotzaileak urruntze-agindua urratzen duten kasuetan emakumea lokalizatzea. El Diario Vascok argitaratu duenez, gailuen sistemak GPS bidez funtzionatzen du, eta seinalea galtzean GSM deituriko bigarren sistema batean oinarritzen da. Dena dela, biek ala biek estalduraren arabera funtzionatzen dute, eta behin hori galtzean ez dago zer eginik.

Indarkeria matxista jasan duen emakumeak gailu bat eta erasotzaileak beste gailu bat eduki ohi dute, bien arteko distantzia neurtzea helburu duena. Erasotzailea gehiegi gerturatzen bada, jakinaren gainean jartzen du emakumea eta deiak egiteko aukera ematen dio.

Gailu elektronikoak erabiltzen dituzten emakumeak arrisku maila ertaina, altua edo oso altua dute. 2022ko apirileko datuen arabera, Bizkaian 37, Gipuzkoan 21 eta Araban seik erabiltzen dute. Hamabi hilabete geroago, gailuen erabilerak behera egin zuen, Bizkaian sei eta Araban bi gutxiagok erabiltzen baitute.