argia.eus
INPRIMATU
Bilgune Feministak Iratxe Sorzabal babestu du
“Indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urtez luzez estatuek babestua”
  • Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Hernanin Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazi eta "babes osoa" emateko. Inkomunikatuta egon zen uneak berriz ere epailearen aurrean kontatu behar izatea, "bizi izandakoak utzitako ondorioen areagotzea" ekar dezakeela salatu dute.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko martxoaren 06a
Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan egin dute agerraldia, martxoaren 8aren bezperatan. Euskal Herriko Bilgune Feminista

Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan elkarretaratzea egin dute asteazken arratsaldean Euskal Herriko Bilgune Feministako eta Euskal Herriko Gazte Feministen Sareko kideek, baita torturak jasandako hainbat emakumek ere. Iratxe Sorzabali elkartasuna eta babesa eskaini diote bilkuran eta gogorarazi dute historikoki "kontrol politiko eta patriarkalerako estrategia gisa" izan direla torturatuak emakumeak.

Sorzabal Espainiako Auzitegi Nazionalean ari dira epaitzen egunotan, 1995ean ETAk egindako atentatu bat dela-eta. Ondorioz, atxilotua izan zenean inkomunikazio aldian jasandako torturak berriz ere kontatu behar izan ditu epailearen aurrean. Bilgune Feministak azaldu duenez, horrek, torturak eragindako ondorioen "areagotzea" ekar diezaioke preso politikoari: "Une honetan jazarpen eta indarkeria egoera batean egoteak eta tortura bera ahalbidetu zuen sistema judizialaren aurrean egoteak, deklarazioa egoera zaurgarrian egitera behartzen du", azaldu dute.

Tortura politiko sexualak utzitako arrastoen inguruan hausnarketa egiteko ere baliatu dute Hernaniko ekitaldia. Emakume izateagatik eta disidentzia politikoan aritzeagatik, euskal emakume ugarik "biolentzia bikoitza" jasan duela gogorarazi dute

Eraso fisiko eta psikologikoak polizia-etxeetan

Kasu konkretu hori salatzeko ez ezik, tortura politiko sexualak utzitako arrastoen inguruan hausnarketa egiteko ere baliatu dute Hernaniko ekitaldia. Emakume izateagatik eta disidentzia politikoan aritzeagatik, euskal emakume ugarik "biolentzia bikoitza" jasan duela azaldu dute, eta polizia-etxeetan erabilitako metodoen zerrenda luze bat irakurri dute hori erakusteko: eraso sexualen mehatxuak, biluzik egindako galdeketak, ukituak, orientazio sexuala zalantzan jartzea, bortxaketak, tortura psikologikoak, isekak eta irainak, eta militante politiko gisa jasandako gutxiespenak, besteak beste.

"Eraso horiek patriarkatuaren oinarria den sexu bereizkeria indartzea dute helburu", diote elkarretaratzean irakurritako oharrean: "Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urte luzez estatuek babestua". Horren harira, beharrezko ikusi dute mugimendu feministak "auzia mahaigaineratzea memoria historiko kolektibo baten aldeko bidean".

"Guk sinesten zaitugu"

Nolanahi ere, "iraganeko mamu" bat izatetik urrun, gogorarazi dute oraindik ere torturaren ondorioak nabaritzen direla, eta euskal preso askok "torturapean egindako deklarazioengatik" jarraitzen dutela espetxean. Hain justu, Sorzabalen abokatuak ere, epaiketan salatu du "torturapean egindako deklarazioak" direla preso irundarrari egozten zaizkion delituen froga bakarra.

"Iratxe, guk sinesten zaitugu", adierazi dute elkarretaratuek. Aurrerantzean elkarlanean jarraitzeko deia luzatu dute, "torturatuak izan diren emakume militanteen erreparazio osoaren alde".