argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistaren aurkako planak Nafarroako alderdi guztien babesa du
  • Nafarroarako indarkeria matxistaren aurkako plana aurkeztu zuen Ana Ollo Herritarren eta Instituzioen arteko Harremanen kontseilariak urtarrilaren 24an batzorde parlamentarioan. Egoera horien aurrean “erantzun instituzionala hobetzea” bilatzen dutela azaldu du Ollok.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 25
(Arg.: Euskalerria Irratia)

Parlamentuko taldeen babesa jaso du 22,5 milioi euroko aurrekontua izango duen planak. Sei urtean 80 neurri garatu nahi dituzte. Hori aurrera ateratzeko arlo horretan inplikatuta dauden emakumeekin “lan handia” egin dela esan du Ollok.

Erabaki horrekin Nafarroako Gobernuak heteropatriarkatuaren biolentziari aurre egiteko neurriak jarri nahi ditu indarrean. Biolentzia fisikotik haratago dauden arazoei aurre egin nahi diete. Emakumeen eta haien zaintzapean dauden pertsonen segurtasuna eta babesa hobetzearen alde egingo dute.

Genero berdintasuna politika publikoetan txertatzea, genero biolentzia egoerak jasaten dituzten emakumeekiko jardunbideak bateratzea, osoko arreta eskaintzea, indarkeria identifikatzeko formazioa ematea eta instituzioen koordinazioa bultzatzea dira helburuak.

Parlamentuko alderdi denak planaren alde agertu dira. UPNko Ana San Martínek “orban honekin amaitzea” desiratu du indarkeria matxistaren inguruan ari zela. EH Bilduko Bakartxo Ruizek “salto kualitatiboa” eman dela adierazi du, baina aurrekontua gehiago xehatu behar dela. Bestalde, Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak lan on bat egin dela nabarmendu dute, planarekiko balorazio positiboa eginez.