Arriskuan den emakumeak laguntza eskatu ahalko du farmazietan, “Maskara-19” eskatuz. Itxialdian indarkeria matxista pairatzen ari direnak –edo pairatzeko arriskuan daudenak– babesteko xedea du kanpainak.
Koronabirusaren hedapenari dagokionez prebentzio neurri den itxialdiak, ez ditu bestelako izurriteak prebenitzen. Indarkeria matxistaren kasuan, problematika areagotu egin dezake konfinamenduak, hainbat emakume beren erasotzaileekin itxita eta isolatuta egotera igaro baitira. Errealitate horren aurrean, indarkeria pairatzen ari direnei –edo pairatzeko arriskuan daudenei– laguntza eskatzea errazteko “Maskara-19” kanpaina abiatu dute.
Kanarietako Farmazeutikoen Elkargo Ofizialak abiatu zuen kanpaina martxoan, Kanariar Uharteetako Gobernuarekin batera. Denborarekin, hango eta hemengo farmaziek bat egin dute ekimenarekin. Hego Euskal Herriko ere kanpainarekin bat egin dute lau lurraldeetako Farmazeutikoen Elkargoek eta foru aldundiek.
Laguntza beharrean denak farmaziara jo dezake, eta bertan modu diskretuan laguntza eskatu, “Maskara-19” eskatuz. Behin pausu hori emanda, farmazialariek tokian tokiko babes protokoloen arabera artatuko dute bezeroa. Laguntza eskakizun orotan laguntza eskatu duen pertsona eta farmazia zein diren ez da xedatuko.