argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak ozen oihukatu dira Euskal Herrian
  • Jende andana batu du Mugimendu Feministak Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean Hego Euskal Herrian egindako mobilizazioetan, eta indarkeriaren “ertz guztiekin amaitzeko” eskatu du. Itaiak ere egin ditu mobilizazioak, eta “emakume langileon emantzipazioa egikarituko duen gizarte eredu berri bat eraikitzera” deitu du beste urte batez. Biek ala biek azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrean jarri dute fokua.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 27a

Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak ozen oihukatu dira larunbat honetan, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Euskal Herriko Mugimendu Feministak kaleak leporaino bete ditu Indarkeriarik gabeko bizitzak! Bizirik, libre eta antolatuta lelopean eginiko mobilizazioetan. Azaroak 30eko greban jarri dute fokua, eta, egun horretan, lanuzteetan eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.

Gora borroka feminista; Kaleak, gauak, gureak dira; Erasorik ez, erantzunik gabe; eta antzeko aldarriekin egin dituzte manifestazioak, Berriak jaso duenez. Indarkeriaren “ertz guztiekin amaitzeko” eskatu dute eta “indarkeria matxistarik gabeko bizitzak” aldarrikatu dituzte. Horrez gain, emakume migratu eta arrazializatuen “egoera ahula” salatu, eta Palestinako emakumeen aitortza eskatu dute irakurritako manifestuetan: “Feministok beti defendatu izan dugu bizitza, haien memoria eta etorkizuna, eta herrien subiranotasunaren eta justiziaren alde borrokatzeko duten eskubidea ere defendatzen ditugu”.

Sozialismoa eraikitzera deitu du Itaiak

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak ere Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki lelopean ehunka lagun bildu ditu Euskal Herriko mobilizazioetan. Indarkeria matxistari aurre egiteko eta hura suntsitzeko, “sozialismoaren eraikuntza” aldarrikatu dute beste urte batez, eta “instituzioetako politiken fartsatik kanpo” antolatzera eta “emakume langileon emantzipazioa egikarituko duen gizarte eredu berri bat eraikitzera” deitu du.

Grebara deia

Biek ala biek izan dute azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra hizpide. Mugimendu Feministak, egungo zaintza sistema “indarkeriaren ardatza” dela salatu du eta zaintzarako eskubide kolektiboaren alde egin behar dela aldarrikatu. Horretarako, tresna eraginkorrenak “aliantzak eraikitzea” eta “autodefentsa feministaz” baliatzea izanik. Hilaren 30ean deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

Itaiak, berriz, guztiok kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak edukitzea aldarrikatzen du, eta horretarako “guztion soldata-berdintasuna bermatzea” eta “zaintza-lanak sozializatzea”. Itaiatik ere, “guztiok bizi aukera berak” izateko mobilizatzera deitu du Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Argazkia: Ahotsa
Argazkia: Irutxuloko Hitza

 

 

 

 

 

 

 

 

Argazkia: Uriola
Argazkia: Hala Bedi