argia.eus
INPRIMATU
Kaleak hartzeko deia gaur indarkeria matxistaren aurka
  • Indarkeria sexistaren kontrako nazioarteko eguna izaki, Hego Euskal Herriko hainbat herritan burutuko dituzte mobilizazioak egun guztian zehar. Ipar Euskal Herrian haatik, azaroaren 23an egin dituzte mobilizazioak, Frantziako #noustoutes kolektiboaren deiari segi. 300 bat lagun elkartu dira Baionan buruturiko manifestazioan.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 25a
Baionako mobilizazioa, #noustoutes kolektiboaren deiari segi larunbatean buruturikoa

Indarkeria sexistaren kontrako nazioarteko eguna izaki, milaka lagunek hartuko dituzte kaleak gaur. Euskal Herriko mugimendu feministaren deiari segi, hitzordu nagusiak gaur izango dira hiriburuetan, 19:00etan Bilboko Jesusen Bihotza plazatik abiaturik, Donostian Alderdi Ederretik, Gasteizen Andra Mari Zuritik eta Iruñean 20:00etan Gaztelu Plazatik. Horrez gain, tokian toki, herriko plaza anitz beteko ditu indarkeria matxistaren kontrako mezuak.

Besteak beste, “ez zaituztegu behar aske izateko” lemapean aterako da Euskal Herriko Bilgune Feminista kalera, indarkeria intentsifikatzen ari den segurtasun eredua salatu eta ondokoa exijitzeko: emakumeen askatasuna eta bizitza duina bermatzeko baliabideak, prebentzioa, justizia eredu feminista eta gizon eta komunitate osoari ardura hartzeko urratsak . Euskal Herriko Neska* Gazteen sareak autodefentsa feministaren aldeko mezua jarriko du erdigunean, "Zuen biolentziari, guk autodefentsa feminista" leloa aukeraturik. Goiz huntatik dabiltza ekintzak burutzen. Besteak beste, Gasteizko eta Leioako unibertsitateen sarrerak blokeatu dituzte, hezkuntza sistema patriarkala salatzeko asmoz.

Feminizidioaren biktimak gogoan, Baionan

Ipar Euskal Herrian haatik, azaroaren 23an burutu dituzte mobilizazioak, Frantziako #noustoutes kolektiboaren deiari segi. Larunbat goizetik gauera izan dira indarkeria sexista salatzeko ekimenak.Tartean, feminizidioen salatzeko, 300 bat lagun elkartu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Urte hastapenetik 117 emakume hil ditu indarkeria matxistak Frantziako Estatuan: Ipar Euskal Herriari dagokionez, hiru emakume dira aurten bikotekideak edo bikotekide ohiak eraildakoak; azkena, duela pare bat aste, Baionan.

Emakume hauen oroimenez, Baiona Ttikiko San Andres plazari izena aldatu diote feministek, “feminizidioen biktimen plaza” izendatuz. "2005. urtetik, 25 emazte erail ditu bortizkeria matxistak Ipar Euskal Herrian. Emazteak izateagatik erailak izan dira", Zutik kolektiboak oroitarazi duenez. Baionako suprefeturako hesietan ere zintzilikatu dituzte biktimen izenak, emakume hauek omentzeaz gain, indarkeria sexisten aurkako lana eraman ahal izateko ezinbestekoak diren baliabideak exijitzeko. Bizkaian ere mobilizatu dira larunbatean, 25 emakume taldek deituta manifestazioa burutuz, Santurtzitik Sestaora.