Algorithm Watch-ek egindako ikerketa batek azaldu duenez, biktimei egindako test batek biktimen eta erasotzailearen jatorriaz galdetzen du. "Atzerritartzat", ordea, Mendebaldekoak ez direnak baino ez ditu jotzen.
"Biktimak edo delitugileak atzerritarrak ote diren" da lehenengo galdera, indarkeria matxistaren arriskua neurtzeko Ertzaintzak erabiltzen duen galdetegi batean. Naiara Bellio kazetariak plazaratu ditu Algortihm Watch-en Ertzaintzak indarkeria matxistaren arriskua neurtzeko erabiltzen duen algoritmoaren ikerketaren ondorioak. Galdeketa psikologiko batean oinarritzen da EPV-R izeneko tresna, gazteleraz, "Escala de predicción del riesgo de violencia grave contra la pareja" (Bikotekidearen aurkako indarkeria kasu larrien arriskua neurtzeko eskala).
Biktimen eta delitugileen jatorriaren inguruko galdera zerrendan lehena bada ere, galdetegia ez zaie beti ordena horretan zuzentzen biktimei, Oskar Fernandez Ertzaintzako ikuskatzaile nagusiak AlgorithmWatch-i azaldu dionez. Gaineratu du galdera horrek puntu bat baino ez duela balio, beste batzuk hiru puntura arte balio duten bitartean. Hala ere, galdetegiaren arabera, "atzerritarrak" Mendebaldekoak ez direnak baino ez dira. Esaterako, norbait belgiarra edo alemaniarra bada, ez da kontuan hartzen. Fernandezek azaldu duenez, "Europarrak ez diren bestelako kultura duten kasuetan" baino ez da aplikatzen. Hala ere, galdeketan ez da herrialdeen zehaztapenik eskatzen.
Jatorriarenarekin batera, beste hemeretzi galderek osatzen dute galdetegia. Besteak beste, biktimari galdetzen diote erasotzailea jeloskorra ote den, delitugilea beste norbaitekin oldarkorra ote den, heriotza-mehatxurik egin dion edo armak izan diren tarteko. Galdera bakoitzak puntuazio bat du, eta gehienez 48 puntura irits daiteke. Ez dituzte galdera guztiak egin behar nahitaez, baina gutxienez hamabi bai. Iritsitako puntuazioaren arabera neurtzen dute arrisku maila. 24 puntutik gora esan nahi du arriskua "larria" dela, 18tik gora "handia", 10etik gora "ertaina", eta hortik behera "baxua".
Ikerketa judizialarekiko paraleloa da algoritmo hau. Hau da, epaile batek erabakiaren aurretik, Ertzaintzak bere protokoloa jartzen du martxan biktimak babesteko, eta horretan kontuan hartzen dute EPV-R algoritmoa. Gero, Poliziak epaileari ematen dion txostenean froga gisa sartzen ditu galdeketaren emaitzak. Hori ez da gertatzen antzeko beste sistema batzuetan.
Algoritmoaren errendimendua, auzitan
2022an AEBetako Cornel Unibertsitatean algoritmoaren errendimendua aztertu zuten. Emaitzak bildu zituen txostenak dioenez, beste bide batzuetatik arrisku handikotzat jo zituzten kasu gehienetan (%53) algoritmoak arriskua "txikia" zela ondorioztatu zuen. Ikerketaren arabera, negatibo faltsuen kopurua benetako positiboena baino handiagoa da. Horrek esan nahi du algoritmo horrek kasu larriak ez-larritzat jotzeko aukera handia dela.
Ez da algoritmo xenofobo bakarra
Beste leku batzuetan ere erabiltzen dituzte algoritmo xenofoboak. Esaterako, Katalunian RisCanvi tresna erabiltzen dute preso batek espetxetik atera ondoren berriro deliturik egingo ote duen aurreikusteko. Presoen jatorria kontuan hartzen du algoritmo horrek ere bai.