argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistagatik umezurtz gelditu direnentzako dirulaguntzak bideratuko ditu Nafarroako Gobernuak
  • Dirulaguntzak bateragarriak izango dira zurztasun pentsioarekin, Felix Taberna Lehendakaritza eta Berdintasun Kontseilariak Foru Legebiltzarrean iragarri duenez. Genero indarkeriarekin zerikusia duten salaketak %21 hazi dira aurten, 2022arekin alderatuz.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2023ko urriaren 06a
Felix Taberna, Foru Gobernuaren kontrolerako osoko bilkuran. (Argazkia: Nafarroako Legebiltzarra)

Egunero genero indarkeriarekin zerikusia duten sei salaketatik gora jartzen dira Nafarroan, 1.517 guztira 2023ko urtarriletik abuztuaren 31ra arte. Horrek esan nahi du, 2022ko epe berdinarekiko %21 hazi direla, “gizartearen sentsibilizazio eta kontzientziazio handiagoa” dela eta, Felix Taberna lehen lehendakariorde, Lehendakaritza eta Berdintasun Kontseilariaren ustez.

Foru Parlamentuan adierazi duenez, bere lan taldeak norabide horretan jarraituko du lanean eta 2024an indarkeria matxistagatik umezurtz geratu diren pertsonek “berehalako eta kudeaketa errazeko” diru laguntza bereziak jasoko dituzte. Hala erantzun dio EH Bilduren interpelazio bati gobernuaren kontrolerako Osoko Bilkuran. Tabernak argitu du prestazio berri hori bateragarria izango dela zurztasun pentsioarekin.

Era berean, Sexu Indarkeriei Arreta Integrala Emateko Zentroa "martxan jartzen" ari direla adierazi du. Zerbitzu berri hori zabalik mantenduko da beti, baita gauetan eta jai egunetan ere. Izan ere, "erakundeok emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean erantzun integrala emateko betebeharra dugu, biktimen eta haien seme-alaben babesa eta segurtasuna indartuz", nabarmendu du Tabernak.

Ildo honetatik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen akreditazioetarako "leihatila bakarra" sortuko dela aditzera eman du. Orain arte, Institutuak etxebizitza babestua eskuratzeko irizpideez arduratzen zen, gainerako zerbitzuak Justizia Kontseilaritzaren menpeko Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak eskaintzen zituelarik. Antolakuntza berriak aukera ematen du “prestazio, laguntza eta baliabide gehiago eskuratzeko", nabarmendu du Tabernak.

Kontseilariak eman dituen datuen arabera, abuztuan 198 salaketa erregistratu dira Foru Erkidegoan emakumeen aurkako indarkeriagatik. Horietatik erdia baino gehiago, %56 zehazki, indarkeria fisikoagatik; % 13 indarkeria psikikoagatik; % 17 babes agindua urratzeagatik eta % 14 sexu-indarkeriagatik.