argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxista pairatu duen emakume barakaldar bat eta honen bi semeak etxe-kaleratze arriskuan daudela salatu dute
  • Akanpada egin dute Barakaldoko Udaleko Gizarte Ekintza bulegoaren ateetan. Etxe-kaleratzearen atzean Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa den Alokabide dagoela salatu dute, baita Barakaldoko Udalak egoeraren aurrean proposamenik egin ez duela ere.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 07a
(Argazkia: EH Bildu Barakaldo)

Habitataren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, astelehenean elkarretaratzea egin dute Berri-Otxoak Gizarte Bazterketaren aurkako eta Gizarte Eskubideen aldeko plataformak eta Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak. Akanpada egin dute Barakaldoko Udaleko Gizarte Ekintza bulegoaren aurrean, Barakaldoko emakumeak eta adin txikiko honen bi semeek bizi duten egoera salatzeko.

Etxe-kaleratzea bi hilabetez etetea adostu zen uztailaren 30ean. Egun horretan ziren etxetik kaleratzekoak emakumea eta honen semeak, baina mobilizazioek etxegabetzea gelditzea lortu zuten. Etenaldia agortuta, etxe-kaleratzea datozen asteetan, edozein unetan, eman daitekeela ohartarazi dute Berri-Otxoak eta Argitan-eko kideek.

Emakumeak indarkeria matxista pairatu du, adin txikiko bi seme ditu bere kargu, eta ez dauka beste bizilekurik.

Etxebizitza Saila eta Barakaldoko Udala, arduradun

Kasu honetan, etxe-kaleratzearen atzean Alokabide dagoela azpimarratu dute, Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoa. Lehen etxe-kaleratze saiakeratik gaur arteko epealdian emakumea irtenbide bat lortzeko hitzordua lotzen saiatu dela jakinarazi dute, baina salatu dutenez autoritateek bilkurarik ez dute lotu.

“Egoera hau are latzagoa da, halakorik posible bada, kontutan hartzen badugu azken urtean emakumeak ahaleginak egin dituela Barakaldoko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko baliabide sozialetara bideratzeko, bere egoera eta bizitokitzat duen etxebizitzaren erabilera erregularizatzeko”, azpimarratu dute.

Bai Barakaldoko Udala zein Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila Nazio Batuen Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Komitearen irizpena urratzen ari direla salatu dute Berri-Otxoakek eta Argitanek. Irizpenak exijitzen baitu errekurtso ekonomiko nahikorik ez daukaten familiei, etxe-kaleratze kasuetan, ostatua edo alternatiba bat eskaini behar zaiela.

Arartekoa kasuaren gainean jakitun da. Bestalde, emakumeak babes eskaera helarazi dio Emakunderi, kontuan hartuta pertsona zaurgarrien etxe-kaleratze kasuetarako “neurri sozialak” agintzen dituen araudia urratzen ari direla.