argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxista leporatuta, gizon bat espetxeratu dute Donostian
  • 51 urteko gizonak indarrean zeukan urruntze agindua urratu du, eta bikotekidea jipoitu. Bi delitu horiengatik, epaileak espetxe zigorra ezarri dio.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 12a
Donostiako jaietan jazotako eraso matxistetako bat salatzeko elkarretaratzea (Argazkia: Irutxuloko Hitza)

Segurtasun Sailaren arabera, igandetik astelehenerako goizaldean jazo zen gertakaria, 02:15 aldera, Donostian. Erasoa jasan zuen emakumeak berak deitu zuen S.O.S Deiak-en telefono zenbakira, erasoaren berri emanez.

Etxeko atarian aurkitu zuen Ertzaintzak emakumea. Ubelak zituen, baita arma zorrotzez egindako zauriak, eta hargatik ospitalera bideratu zuten.

Erasotzailea etxe barruan aurkitu zuten ertzainek, lo. Urruntze agindua urratu izana eta indarkeria matxista leporatuta, atxilo eraman zuten. Epaileak espetxera bideratu du gizona.

Beste atxilotu bat Barakaldon

Bikotekidea jipoitzeagatik atxilotu du Ertzaintzak 20 urteko gizon bat Barakaldon ere.

Erasoa astearte goizaldean jazo zen, eta emakumeak 112 telefono zenbakira deitu zuen erasoaren berri emanez. Ertzaintza etxebizitzara abiatu zen, eta patioan aurkitu zuten erasotzailea. Genero indarkeria leporatuta, atxilo eraman zuten.

Emakumeak ubeldurak zeuzkan aurpegian eta lepoan, eta ospitalean artatu zuten.