argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxista kasuetan zaintza partekatua ukatzeko lehen urratsa
  • Indarkeria matxista ematen den kasuetan, erasotzaileari seme-alabaren zaintza partekaturako eskubidea ukatzeko lege proposamena ostegun honetan iritsiko da Eusko Legebiltzarrera. Ondo bidean, tramiterako onartuko da proposamena. Espainiako Estatuan neurri hau ezartzen duen lehenengo erkidegoa litzateke EAE.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko otsailaren 06a

EH Bilduk darama proposamena Legebiltzarrera. Proposamen horren arabera, “gurasoetakoren batek genero biolentziagatik prozedura judizial bat irekita baldin badu, ez du izango zaintza partekaturako eskubiderik”, azaldu du Jone Goirizelaia legebiltzarkideak. Horrez gain, lege aldaketak seme-alabak bisitatzeko eta haiekin komunikatzeko eskubidea ukatzea ere ahalbidetuko luke, epaileak hala erabakiz gero. “Neurri hau hartzeko Familia Bitartekaritza Zerbitzuen txosten mediku, psikologiko eta soziala jasoko da”.

“Adingabeen babesa bermatzea” da helburua, Goirizelaiak azaldu duenez.

Eusko Jaurlaritza tramitazioaren alde agertu da eta ondo bidean Legebiltzarrak proposamena tramitera onartuko du, lege bilakatzeko bidean. Europako hainbat herrialdetan neurri hau aplikatzen dute dagoeneko, baina Espainiako Estatuan lehenengo erkidegoa litzateke Euskal Autonomia Erkidegoa.