argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxista kasuak jazo dira Villabonan eta Barakaldon
  • Ostiralean jakin zen Villabonako kasuaren berri. Egun berean gertatu zen Barakaldoko erasoa.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 04a

Maiatzaren 1ean ezagutu zen emakume batek Villabonan pairatutako indarkeria. Erasotzaileak emakumeari lana eta dokumentazioa eskaini zizkion, eta orain bi aste egin zion kontratua, bere haurra zaintzeko. Behin emakumea gizonaren bizilekua den baserrian zegoela, gatibu hartu zuen erasotzaileak.

Segurtasun sailaren arabera, telefono mugikorra kendu zion emakumeari gizonak, eta heriotza mehatxuak egin zizkion atxikimenduak iraun bitartean. Apirilaren 26ko igandez lortu zuen emakumeak lagun bati mezu bat bidaltzea, eta polizia hainbat egunez honen bila aritu ostean aurkitu zuten.

Maiatzaren 1eko goizez beste indarkeria matxista kasu bat jazo zen Barakaldon. Emakume batek erasoa pairatu zuen bere bikotekidearen partetik, beren etxebizitzan. Eztabaida bat tarteko, 63 urteko gizonak labanaz eta botilaz egin zion eraso emakumeari, aurpegian eta buruan zauriak eraginez.

Emakumeak SOS Deiak-era deitu zuen laguntza eske. Anbulantzia bertaratu zen, eta erasotua  ospitalera eraman zuten. Gizona atxilo eraman zuten, eta igandean aske geratu zen, zaintzako epailearen aurretik pasa ostean.

Argitan emakumeentzako aholkularitza zentroak deituta, igande iluntzean herritarrek protesta egin zuten leiho eta balkoietatik, erasoa gaitzesteko.