argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxista kasu bat jazo da Santurtzin, eta gizonezkoa atxilotu egin dute
  • Astelehen goizaldean gertatu da erasoa. Gizonak bikotekideari eraso egin dio, baita erasoa etetera hurbildutako senideei ere.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 04a
Indarkeria sexisten aurkako elkarretaratze bat Santurtzin (Argazkia: Pititako Informatzen)

Segurtasun sailak jakinarazi duenez, astelehen goizaldean jazo zen erasoa Santurtziko etxebizitza batean, 01:00ak baino lehen. Bikotekideen artean eztabaida sortu zen, eta 34 urteko gizonak emakumeari eraso egin zion, ostikoak eta kolpeak tarteko.

Gertuan bizi ziren senideek oihuak eta kolpe hotsak entzun zituzten, eta gertatzen ari zenaz ohartarazirik, bikotekidea zegoen etxebizitzara jo zuten. Senideak erasoa eteten ahalegintzean, erasotzaileak katana batekin egin zien mehatxu; beraien kontra ere hasi zen borrokan gizona, erasotutako emakumearen ama eskaileretan behera erortzea eraginez.

Azkenean, senideek gizona mendean hartzea lortu eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuten. Erasoa jasan zuen emakumea eta haren ama osasun zentro batera bideratu zituzten, artatuak izan zitezen.

Ertzaintza ere gerturatu zen, eta emakumeak adierazi zien jasandako erasoa ez zela kasu isolatu bat, sarriagotan egiten ziola eraso gizonak. Ertzainek gizona atxilotu zuten, genero indarkeria eta lesio delituak leporatuta. 

Elkarretaratzea asteazkenean

Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute Santurtziko Marimatarakak Talde Feministak eta Erraiak Gazte Feministak. Mobilizazioa 20:00etan izango da, parkeko peatonalean.