Etxebizitza sozialen ardura duen Office 64 egitura agertu da egitasmoaren alde eta beste hainbat egiturekin elkarlanean segurtatuko du aterpetxearen kudeaketa 2021etik goiti.
Indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako aterpetxe berri bat irekiko dute Angelun 2021ean. Etxebizitzaren arloko Office 64 egitura agertu da egitasmoaren alde, eta Frantziako prokuradorearekin, Baionako ospitalearekin, departamendu mailako zerbitzuekin eta hainbat elkarterekin elkarlanean gauzatuko dute aterpetxearen eskaintza. Bikotearen indarkeria pairatzen duten emakumeak eta haien umeak bertan egoten ahalko dira hainbat hilabetez.
Gaur egun, Atherpea elkarteak ditu gisa horretako hainbat aterpetxe kudeatzen: hiru etxebizitza (orotara zortzi leku) Baiona-Angelu-Miarritze mailan, beste bi kostaldean (bost leku) eta hiru kostaldearen eta barne aldearen artean (bederatzi leku). Horrez gain, beste hiru apartamendu ere ireki behar liratezke iraila bitartean, hots, beste bederatzi leku.
Gerard Darmanin Frantziako Barne Ministroa Baionan egon zen uztailaren 11 honetan, Philippe Monguillot autobus gidariaren heriotzaren harira. Ministroaren etorrera jakin bezain laster, elkarretaratzera deitu zuten hainbat feministek. Orotara, 60 bat lagun bildu ziren bortxaketa bat leporatua zaion ministro berriaren kontra.