Arabako Lautadako Kuadrillak jarri du martxan emakumeen "ahalduntze pertsonala eta kolektiboa" bultzatzeko programa. Ekainetik Irailera bitartean izango dute laguntza jasotzeko aukera bertan.
Indarkeria matxista pairatu duten 16 urtetik gorako eskualdeko emakumeentzat zuzendutako zerbitzua da. Ekimenak ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatzeko saioak eskainiko ditu. Horrez gain, doako aholkularitza zerbitzua eta Arabako Lautadako udalerrien laguntza instituzional publikoa ere eskatu ahal izango dute erabiltzaileek.
Sortzen aholkularitza elkarteko gizarte hezitzaile eta psikologo batek dinamizatuko dituzte taldekako ahalduntze saioak. Banakako saioak ere eskainiko dira psikologo batekin. Horren bidez, bizitako gertaera traumatikoak kudeatzeko tresna zehatzak ematea da helburua.
Zerbitzua Agurainen eskainiko bada ere, eskualdeko gainontzeko herrietakoek ere izango dute programan parte hartzeko aukera, eta horiei zuzendutako autobus zerbitzua izango da. Haurtzaindegi zerbitzua ere izango da. Kuadrillako mugimendu feministarekin eta tokiko emakumeen elkarteekin koordinatuko da zerbitzua.
Programan parte hartu nahi duen oro Lautadako Kuadrillako Gizarte Zerbitzuekin edo Berdintasun Zerbitzuarekin jarri beharko da harremanetan. Izena emateko eta informazio gehiago eskuratzeko kontaktu hau ahalbidetu dute: berdintasunlautada@gmail.com eta 945301200 telefonoa.