Bilbon, Sopelan eta Gasteizen jazo dira erasoak. Poliziak Gasteizko erasotzailea atxilotu du.
Aste Nagusiari ekin orduko, emakume bati sexu erasoa egin zioten Bilbon. Larunbat gauean izan zen, txosnagunean, Mamiki konpartsak jakitera eman eta Bilboko Udalak baieztatu duenez.
Bilboko konpartsek eraso matxisten aurkako protokoloa abiarazi dute. Erasoa salatzeko lapiko jotzeak eta manifestazioak egin ziren astelehen gauerdian. Horrez gain, konpartsek deituta erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten astelehen arratsaldean. Udal ordezkariak bertan izan ziren.
Sopelan jazo da bigarren erasoa. Ertzaintzak jakinarazi duenez, herritar batek emakume bat noraezean aurkitu zuen larunbat goizean, eta “zerbait arraroa sumatuta”, poliziari deitzea erabaki zuen. Ertzainekin zegoela aitortu zuen emakumeak sexu eraso bat jasan izana, eta arratsaldean jarri zuen salaketa.
Bestalde, bikotea jotzea egotzita 39 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizko udaltzaingoak. Erasotzaileak etxean jo zuen bikotekidea, euren hiru haurrak bertan zirela. Haurretako batek aitortu du ez zela jotzen zuen lehen aldia; gauza bera adierazi dute zenbait lekukok. Tokian bertan atxilotu zuten gizonezkoa, eta atzo ziren epaitzekoak.