argia.eus
INPRIMATU
Gizonezko batek bikotekide ohia eta haren laguna jipoitu ditu Bilbon
  • Erasotzaileak konorterik gabe utzi zuen emakumea, eta orientaziorik gabe haren laguna. Erasoa larunbat goizaldean gertatu zen, Miribilla auzoa jaietan zela.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 13a
Bostehundik gora lagun bildu ziren erasoa gaitzesteko elkarretaratzean. (Argazkia: Ecuador Etxea)

Ertzaintzak 41 urteko gizonezko bat atxilotu du Bilbon, bere bikotekide ohia eta haren laguna jipoitzea egotzita. Miribilla auzoko jaietan gertatu zen, larunbat goizaldeko 3:00etan. Erasotzaileak konorterik gabe utzi zuen emakumea, eta aurpegian lesioak eragin zizkien biei ihesari eman aurretik. Basurtoko ospitalera eraman zituzten biktimak, eta Ertzaintzak larunbat gauean atxilotu zuen ustezko erasotzailea.

Miribilla, San Adrian eta Zabalako jai batzordeak elkarretaratzea deitu zuen igande arratsalderako. Bostehun lagundik gora bildu ziren, eta bertaratutakoek “eraso basatiarekiko” aurkaritza azaldu zuten. Egun horretan ospatzekoak ziren kuadrillen arteko jokoak atzeratu egin zituzten protesta gisa.

Bere aldetik, Bilboko Udaleko alderdi guztiek adierazpen bateratua atera zuten erasoa gaitzesteko. Komunikatuak, biktimei babesa emateaz gain, herritarrei dei egin die “edozein motatako eraso sexisten konplize ez izateko, eta indarkeria kasuak salatzeko”. Udalak eskura dituen tresna guztiak erabiltzeko prestutasuna adierazi du.