argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxista: Galdakaoko erasoak gaitzespen bateratua jaso du
  • Txosnagunean izan da erasoa, eta Momo konpartsak deituta elkarretaratzea egin dute bertan. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 12a
Igande goizaldeko erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten Galdakaon [Argazkia: @arytzam]

Lekukoen arabera, ukituak eta hitzezko erasoak egin dizkiote emakume bati Galdakaon. Igande goizaldeko 5:00etan jazo zen erasoa, eta Eusko Jaularitzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Ertzaintza lau gizonezkoren bila dabilela, “gertakariak argitzeko”. Emakumezkoak salaketa jarri du.

Emakumezkoak erasotzaileei aurre egin zienean, haietako batek salatzeko mehatxu egin zion, eta mugikorra kentzen saiatu zen. Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten igande arratsaldean, Momo konpartsak deituta. Mila lagun inguru bildu ziren, eta adierazpen bateratua egin zuten amaitutakoan: “Ez zaude bakarrik. Bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte”.

Ibon Uribe alkatea ere bertan izan zen: “Gizarteak bat eginda egon behar du halako gertakarien aurrean, erasoekiko tolerantziarik izan gabe”. Bere esanetan, beharrezkoa da aurkako jarrera aktibo bat izatea, “gertakariak salatu eta biktimak babesteko”.