argia.eus
INPRIMATU
Whatsappez zabaldutako bideoak: Matxismoaren sua nola itzali?
  • Badakizue zer pasa den. Emakume batek bere buruaz beste egin du Madrilen, duela bost urte grabatu zuen bideoa bolo-bolo zabaldu ostean emakume horren lankideen artean, bere gaur egungo senarraren mugikorrera iristeraino. Gertatutakoari tiraka, hamaika artikulu ari da plazaratzen egunotan. Poxpoloen irudiak erakarri du nire arreta, Whatsappez-eta gisa horretako edukia jasotzean zer egin beharko genukeen argi adierazten duelako.

Jon Torner Zabala @jtorner 2019ko maiatzaren 30

Ez su gehiago eman. Ez partekatu, eta bidali dizunari egindakoa aurpegiratu. Egin beharrekoen artean gehituko nituzke: biktimari babesa eskaini eta, dagokionean, salatu.

Bideoa nork/nola zabaldu duen ikertzen ari da polizia. Erantzuleak biktimarekin harremana izan zuela demostratzen bada, intimitatearen kontrako delituari indarkeria matxistarena gehituko zaio.

Whatsappez bidalitako txiste matxista hori

Iazko ekainean umorearen eta botere harremanei buruzko erreportajea plazaratu nuen Larrun gehigarrian. Besteren artean, Uxoa Anduaga soziologian doktoreak esandakoak jaso nituen. Madrilgo emakumeari gertatutakoarekin lotura duen pasarte hau gogoratu dut, poxpoloen irudia ikustean:

"Botere harremanak identitate nazionalarekin lotutakoak izan daitezke, baina bizitzako esparru guztietan daude, eta guztiak dira markatuak umorearen bidez. Demagun, esaterako, martxoaren 8aren bueltan txiste matxista bat heldu zitzaizula Whatsappez eta, hain zela barregarria, erabaki zenuela lagun gehiagoren artean partekatzea, nahiz eta, teorian, kritikoa zaren botere sistema heteropatriarkalak ezarritako arauekin. Zer erakusten du horrek? 'Ingurune osoa heteropatriarkala izanik, gisa horretan erreproduzitzen dugu sarri, kontziente izan gabe askotan; baita umorearen bidez ere, gure eginda ontzat ematen ez ditugun diskurtso batzuk', esan digu Anduagak. 'Horregatik da askoz ere zailagoa txiste feministak topatzea'. (...)

'Txiste matxista baten sortzailea baldin bazara aukera gehiago izango duzu sortutakoaz jabetzeko', dio Anduagak, 'baina hartzaile hutsa baldin bazara, umorearen efektua –barre eginaraztea– kontrolatzea zaila denez litekeena da grazia egitea'. Kontua da ea erabakitzen duzun txistea zabaltzen jarraitzea ala, jakitun zein diskurtso erreproduzitzen duen, bere horretan itzal dadin uztea. 'Pentsatu beharko genuke zergatik egin digun grazia, erakusten baitu uste baino asimilatuago ditugula hainbat sinesmen, diskurtso sozial...'".