argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistaren aurkako egunean, gizonei mezua: “Konponbidea ez bazarete, arazoa zarete”
  • Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.

ARGIA @argia 2024ko azaroaren 26a
Donostiako kaleak hartu ditu mugimendu feministak: "Ez bazara konponbidea, arazoa zara!" Irutxuloko Hitza

Euskal Herri osoan egin dira astelehen iluntzean manifestazioak, 25 urte bete direnean NBEk nazioarteko egun hau izendatu zuenetik. "Gure egunerokoan erabat normalizatuak ditugu erasoak, bortxaketak, beldurra eta erailketak", adierazi du Mugimendu Feministak, eta sare sozialetan eta espazio birtualean matxismoak hartu dituen "forma berriak" ere salatu ditu.

Donostian / Irutxuloko Hitza

"Isiltzen diren gizonen" gain arreta jarrita, "lankideak geldiarazten ez dituzten, komentario misoginoak onartzen dituzten eta erosotasun hutsez beste aldera begiratzen duten" horien jarrera salatu dute manifestariek, eta gaineratu: "Gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta duzue oraindik; arazoa zarete arazoa ez zaretela uste baduzue".

Bortxaketa kulturaren konplizeak zarete zioen, esaterako, Bilboko pankarta nagusiak –hura izan da manifestaziorik jendetsuena–, eta Ez bazara konponbidea, arazoa zara zioten Donostia, Gasteiz, Iruñea edota Baionakoek.

Bilboko manifestazioaren amaieran / Mugimendu Feminista
Gasteizen / Mugimendu Feminista

"Zuzenean eta batez ere gizonak, baina komunikabideak, erakundeak eta oro har gizartea ere interpelatzen dituen mezua da", adierazi du Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataformako kide Iratxe Alvarezek, Iruñean egindako manifestazioan. "Hedabideak ere arazo zarete indarkeria matxistaren erreprodukzioan, errua erasoa pairatu duenari egozten diozuenean, kasu bakoitzaren detaile morbosoak ematen dituzuenean eta terrore sexualari buruzko kontakizunak eraikitzen dituzuenean", gaineratu du.

Ehunka lagun bildu da Baionako manifestazioan / @estebanbastie
Gasteiz / Mugimendu Feminista

Azaroaren 25ean indarkeria matxista oro salatu du Mugimendu Feministak, zuzeneko eraso fisikoez haratago: adineko emakumeei ezarritako prekarietate eta bakardadea, migratzaileek edota etxeko langileek jasaten dutena, aniztasun funtzionala daukatenek, sexu-langileek, emakume transek... "Guztiak lotuta daude, eta emakumeen mendekotasuna betikotzen duen egitura heteropatriarkal, kapitalista, kolonial eta kapazitista bati eusteko balio dute", esan du Mugimendu Feministak. Horren aurrean, beharrezkoak dira "aliantza feministak, antolakuntza eta borroka", gaineratu duenez.

Iruñean ere jende andana izan da / Nafarroako Mugimendu Feminista
Iruñean / Ahotsa.info

Itaia: "Matxismoarekin amaituko duen antolakuntza politikoa aldarrikatu nahi dugu"

Euskal Herriko hainbat udalerritan deitu ditu manifestazioak Itaia erakunde sozialistak. "Diskurtso matxista eta erreakzionarioen aurka, zein eraso ororen eta erasotzaileen inpunitatearen kontra borrokatzeko konpromisoz jarraituko dugu lanean", adierazi du. "Azaroaren 25 borroka eguna dela argi utzi nahi dugu: indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan jarri eta matxismoarekin amaituko duen antolakuntza politikoa aldarrikatu nahi dugu", dio plazaratutako oharrean. "Oldarraldi erreakzionarioen eta kultura matxistaren zabalpenari aurre egingo diogula adierazi nahi dugu", gaineratu du. "Baina, era berean, politikari profesionalen hitzontzikeriez eta itxurakeriez nazkatuta gaude; izan ere, alde bateko zein besteko alderdiak gero eta politika autoritarioagoak aplikatzen ari dira. Gainera, promesa faltsuak egin dizkigute, kaleko mobilizazioa instituzionalizatu dute eta estatuko instituzioetan akomodatu dira. Horrela ezin zaio matxismoari aurre egin, ezta faxismoaren gorakadari ere".

Itaiak deituta Bilbon egindako manifestazioa / Itaia
Itaiako kideak, Iruñean / Iruñerriko Itaia

Erakundeek, bestalde, goizean egin dituzte elkarretaratzeak. Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta EAEko Lehendakaritzan izan da: "Erakundeak, herritarrak, familiak, enpresak, ikastetxeak, komunikabideak, elkarteak... Indarkeria matxistaren prebentzioak lehentasuna izan behar du arlo guztietan", esan du. Indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoez ere aritu da: "Diskurtso horiek gero eta leku handiagoa hartzen ari dira, batez ere hedabide digitaletan, eta gazteria da horien publiko objektiboa. Erne egon behar dugu, baina ezin dugu ahaztu gure gizartearen gehiengoa, eta gure gazte gehienak, berdintasunaren aldekoak direla eta indarkeria matxista arazo larri bat bezala ikusten dutela. Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz aurrera egiten jarraitzeko indarra ematen digu horrek".

EAEko lehendakari Imanol Pradales eta Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxena, Lehendakaritzan egindako elkarretaratzean. / Eusko Jaurlaritza