argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria bikarioa salatu dute ehunka lagunek Lizarran
  • Lizarrako Mugimendu Feministak deitu du elkarretaratzea haurraren hiletaren ostean. Genero Indarkeriaren aurkako Espainiako Gobernu Ordezkaritza kasua ikertzen ari da.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 09a
Lizarran egindako elkarretaratzea. // Argazkia: Ahotsa.info

Urbasako hilketa dela eta, Estellerriko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Lizarra erdialdean. Mateo Apestegi (7 urte) eta bere aita amilduta hil ziren, eta autopsiaren frogei erreparatuta indarra hartu du biolentzia bikarioaren hipotesiak.

Hori horrela, ehunka lagun bildu dira haurraren hilketa salatu eta elkartasuna adierazteko. Lizarrako San Juan elizan egin dute haurraren hileta arratsaldean, jendez gainezka. Ondoren, ehunka lagunek Lizarrako Koroatze plaza hartu dute Lizarrako Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzean, Indarkeria bikarioaren aurka. Indarkeriarik gabeko bizitzak orain lelopean.

Mugimendu Feministak Lizarraldea “hunkituta” dagoela adierazi du: “Bere aitak hil egin zuela gero eta argiago dagoenean, indarkeria bikario kasu baten aurrean gaude”.

Genero Indarkeriaren aurkako Espainiako Gobernu Ordezkaritza kasua indarkeria bikario gisa ikertzen ari da. Hala baieztatzen bada ikerketa amaitzean, erakundeak adierazi du 2023an aitak hildako bigarren adingabea izango litzatekeela, eta 50. kasua 2013tik.

Lizarrako Mugimendu Feministako kide Patricia Nuñez Pittok salatu du hilketak sistemaren hutsuneak agerian uzten dituela, Berriak jaso duenez: “Argitu beharra dago pertsona hori gai ote zen seme-alaben zaintza bere gain hartzeko, eta, ondorioztatzen baldin bada ezetz, erantzukizuna nork duen zehaztu beharko da”.

Elkarretaratzeak

Honen harira, arratsalderako hainbat mobilizazio deitu ditu Euskal Herriko Emakumeen Martxak: 18:00etan Donostiako Boulevardean egingo dute, eta 19:00etan Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza. Bilboko Arriagan 19:30etan izango da, eta 20:00etan Iruñeko udaletxe parean.