Alde Hemendik mugimenduak egindako deiari erantzunez ehundaka pertsona atera dira kalera Espainiako eta Frantziako indar polizialak Euskal Herritik joan daitezela eskatuz.
Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako hamabost herritan egin ziren mobilizazioak nazio mailako lehen Alde Hemendik egunaren pean. “Alde hemendik, utzi Euskal Herria bakean” lelopean Agoitzen, Altsasun, Elizondon, Iruñean, Leitzan, Lekunberrin, Bilbon, Durangon, Galdakaon, Gernikan, Laudion, Oñatin, Ordizian, Eibarren eta Zarautzen egin ziren manifestazioak.
Manifestazioez gain, beste hainbat ekitaldi antolatu ziren. Leitzan Diztela dinamikaren lehen batzarra egin zuten goizean eta arratsaldean Iñigo Cabacasi buruzko dokumentala ikusi zuten. Donostiako Intxaurrondo auzoan margoketa handi bat egin zuten Guardia Zibilei auzotik alde egiteko eskatuz.
Mobilizazioak egiten jarraitzeko asmoa azaldu dute Alde Hemendik mugimenduko kideek. Herrien arteko sare bat osatu nahi dute eta erakundeei ere dei egin diete beraien dinamikarekin bat egin eta indar okupatzaileen bidaltze horretan lagundu dezaten. Izan ere Espainiako eta Frantziako polizia eta militarrek euskal herritarren eskubideak etengabe urratzen dituztela salatu dute.“Gerra egitera eta gure herria zapaltzera etorri direnak ez dute lekurik hemen, soberan daude”