Kiroletako Indarkeria, Arrazismo, Xenofobia eta Intolerantziaren kontrako Espainiako batzordeak orotara 47.000 euroko isuna jarri nahi die Indar Baskonia taldeko 10 saskibaloi-zaleri, urtarrilaren 29an Estudiantes-Kirolbet Baskonia partidan gertatutakoengatik.
Orduan bezala ostegunean emandako prentsaurrekoan ere, "gehiegikeria poliziala" salatu du Indar Baskoniak. Zaleek azaldu dutenez, Madrilen jokatutako partida hura amaitzean poliziak paretaren kontra jarri zituen haietako batzuk, eta bi lagun identifikatu zituen. "Motiboez galdetu eta euren plaka-zenbakiak emateko eskatu genienean, kolpeka erantzun ziguten".
Estudiantes taldeko zale batzuek Baskoniakoek emandako azalpenak berretsi zituzten, eta poliziaren jokaera salatu zuten. Aldiz, bertsio "ofizialaren" arabera, arabarrek "istilu larriak" eragin zituzten.
Isun ekonomikoaz gain, urte betez kirol esparruetan sartzeko debekua ezarri nahi diete hamar lagunetako bakoitzari.
Erantzunik gabeko galderak
Indar Baskoniako zaleek euren haserrea azaldu dute, egun hartan soilik bi lagun identifikatu zituzten arren, hamar zigortu nahi dituztelako. "Bidezkoa al da zure taldea animatzera joan eta lintxatua eta bizkarrean espedientea duzula bueltatzea, horren berri izan gabe gainera?", galdetu dute. "Nola da posible bi lagun identifikatu eta hamar isun-eskaera iristea? Zilegi da poliziak euren plaka-zenbakiak ez ematea? Kasualitate hutsa al da identifikatu ez zituzten baina isun-eskaera jaso duten pertsonak izatea herri mugimenduetako kideak?...".
Poliziak partida hartan erakutsi zuen jarrera "lotsagarria" izan zela dio Indar Baskoniak: "Urteetan ari gara sufritzen gure eskubideen eta askatasun indibidual eta kolektiboaren aurkako erasoak, baina oraingo jazarpen polizial honek ez du aurrekaririk".
Jazarpen horren adibide bat da #m3moria aldarrikatzeagatik (1976ko martxoaren 3an Gasteizen hil zituzten langileen omenez, “Egia, memoria, justizia” zioen kartela zabaldu zuten Indar Baskonia taldeko kideek, Bilboko Dominion-en aurkako saskibaloi partidan, 2016an) zigortu nahi izan zituztenekoa. Kasua artxibatua izan zen azkenean.
Bukatzeko, gainerako baskoniazaleei eskatu diete "borroka honen motiboak ulertu, errespetatu eta babesteko". "Ez gara ixilduko".
Denboraldiko lehenbiziko partidan, Indar-en grada hutsik
Protesta moduan, Indar Baskoniako kideak ez ziren Kirolbet Baskoniak larunbatean Gasteizen jokatu zuen partida ikustera joan.