Inaxi Etxabe bertsolaria uztailaren 11n hil da eta 13an egin diote hileta elizkizuna Zarautzen, etxekoek eta Motxian bertso eskolako kideek. Mezaren hasieran Etxaberen ibilbidea oroitu zuten eta amaieran bertsoa kantatu zion Hodei Unzuetak. Meza ostean, elizaren atarian bertso bana kantatu zuten Iñigo Manzisidor "Mantxi", Nahikari Gabilondo eta Felix Zubiak.
Hona hemen meza amaieran Hodei Unzuetak elizan kantatutako bertsoa:
Emakume kementsua,
ausarta, paregabea...
errimak josten abila,
erantzunetan trebea.
Euskal Herrian barrena
pertsona oso maitea
ama, amona, izeko
utzi duzu ondarea.
Eskerrik asko Inaxi!
tokatzen da eskertzea,
zurekiko maitasunez
bihotza dugu betea!
Jarraitu zure bidaia
iraultzaile ta askea!
Elizkizuna bukatu ostean, San Juan Bataiatzailea parrokiaren atarian bertsoa kantatu zuten Motxian bertso eskolako beste hiru kide hauek:
Iñigo Manzisidor "Mantxi"ren bertsoa:
Emakumea ez da bertsotan
bertso eskoletan hasi.
zuk izan zendun Basarri bera
tentatzeko adina grazi!
Gure amona izan zintezkeen
baina gurekin nahasi
ohi zinen eta entzulearen
kariñoa irabazi.
Zure jarrera eta hitzekin
ez dugu gutxi ikasi
ta belaunaldi berrien partez
nahi dizut adierazi:
zure premia bagendun eta
eskerrik asko Inaxi!
Nahikari Gabilondoren bertsoa:
Bertso munduko emakumeon
eredu zara, jakina
nahiz eta plazak ez entzun zure
ahots irmo bezain fina
zure koaderno marradunetan
hainbeste bertso egina
ez da hutsean geratu zure
isilpeko ahalegina
gu ez ginake izango eta
zu ere izan ez bazina!
Felix Zubiaren bertsoa:
Hirugarrengo Ordenarekin
ibili zinen jo ta ke
amonarekin gogoan zauzkat
pentsat zenbat borondate!
bertsotarako, hizketarako,
bazenuen nahiko arte
egin dituzun ekintza onek
zerura zaramatzate
eskerrik asko Inaxi eta
berriro ikusi arte!