argia.eus
INPRIMATU
Inauterien ospakizuna berrartuko dute Tolosan
  • Koronabirusa dela eta izandako etenaldiaren ostean, aurten berriz ospatuko dituzte inauteriak Tolosan. Ostiralean emango ditu zehaztapen gehiago Tolosako Udalak.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 11
Argazkia: Eitb

Tolosaldeko Atariak emandako informazioaren arabera, ostegun arratsaldean zeukaten hitzordua Tolosako Udalak eta herriko karrozen elkarteak, egungo testuinguruan inauteriak ospatu ahal izateko gutxienekoak adosteko elkarrekin. Bileraren ostean jakinarazi zioten Tolosaldeko Atariari Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia amaitutzat eman izanaren ondorioz udalak inauteriekiko postura aldatu duela, eta ospakizunari bide ematearen alde agertu dela. Tolosako Udalak berak Tolosaldeko Atariari baieztatu dio inauterien prestakizun lanetan hasi direla.

Udalak ohar bat kaleratu du erabakiaren berri ematen, eta bertan irakur daiteke herriko alkate Olatz Peon Ormazabalen arrazoiketa, erabakiaz: "Egoerak nabarmen egin du hobera eta osasun larrialdi egoera eta indarrean zeuden neurriak indargabetuta, inauteriak ospatzea erabaki dugu, ezinezkoa izango da ohiko programazio osoarekin egitea, baina ahalik eta ekimen gehienak berreskuratu eta antolatzeko prestaketa lanean hasita gaude".

Tolosaldeko Atariari aurreratutakoaren arabera, ostiralean emango dituzte zehaztapen gehiago ohar bidez. Eta egitaraua osorik egun batzuk barru emango dute ezagutzera. Momentuz jakinarazi dute datozen egunetan bilerak egingo dituztela herriko hainbat eragilerekin. "Karrozak eta konpartsak, txarangak, aisialdi taldeak, txosnak... Eta guztiekin aztertuko da zein ekimen prestatzeko eta gauzatzeko aukera dagoen. Ondoren, inauterien aurretik, iragarriko da eragileekin batera antolatutako egitaraua", irakur daiteke udalaren oharrean. Gaurdanik eman dute jakitera ostegun goizeko txupinazoa, Diana eta kaleko kontzertuak egingo direla.