argia.eus
INPRIMATU
Inasako langileak: “Herri harresiarekin amaiera arte jarraituko dugu”
Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko maiatzaren 28a
Inasako langileak manifestazioan (Argazkia: naiz)

Herri harresiari esker, ostegunean makinaria ezin izan zutela eraman azpimarratu du Carrionek. Langileez gain, Irurtzun eta Sakanako jende mordoa gerturatu zen.

Horrela jarraituko dutela jakinarazi dute langileek. Bost pertsonako eta sei orduko txandak antolatu dituzte, lantegiaren sarreran beti norbait egon dadin. Alarma piztuz gero, “teknologia berrien eta sare sozialen bidez” gerturatzeko deia egingo zaio jendeari.

Egunero kontzentrazioa egiten dute arratsaldeko lauretan. Dena den, “esanguratsua izango den” protesta egingo dute maiatzaren 30ean, greba egunean. Sakanako eskualdeko manifestazio bateratua egingo dute Irurtzunen egun horretan.

Haserre daude instituzioekin eta batez ere, Nafarroako Gobernuarekin. Carrionek esan duenaren arabera, “hitz politak izan zituzten, baina ez dira inondik inora mugitu”. Hala ere, adierazi du Barcinaren Gobernuaren jarrerak ez duela harritzen, lan erreforma babestu baitzuen.

Azkeneraino egongo direla jakinarazi dute, nahiz eta posible den makinak eramatea.

Administratzaile konkurtsalak diotenaren zain daude, izan ere, oraingo jabeak behartu ditzakete Inasa saltzera lantegia erosi eta 115 langileen lanpostuak gorde nahi dituen inbertitzaile taldeari.