argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Segurola Amutxastegiri agurra
  • Apirilaren 16an elkartu dira "Ogru"aren etxekoak eta lagunak Azpeitian, azken agurra emateko. Maitasunez bizi eta duin hiltzearen aldarriak entzun dira, hitz puzturik gabe, bere soilean, benetan eta eder.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko apirilaren 18a

Ostiralez 19:00etan beilategi aurrean elkartu ziren Iñaki Segurolarekin eguneroko tratua zuen Urolaldeko jendea (gazte kopuruak poza ematen zuela), orain 20 urte Hernanin kale-giroan zebiltzanak, eta hizkuntza bere jardun duten Euskal Herriko hainbat txokotako izenak: idazleak, bertsolariak, abeslariak, irratiko eta prentsako kazetariak, irakasleak... bezperan hil zen lagunari hileta zibila egiteko.

Xorieri mintzo zen kantua lagun sartu ziren Agur Aretoan eta hormetan proiektatutako Segurolaren argazkiarekin egin zuten topo. Ane Arenasek irakurri zituen lehen agur hitzak eta geroago, Mikel Alberdik eta Eneko Ibargurenek errespetuz eta taburik gabe azaldu zuten Segurolarekin bizi izan zituzten azken egunak nolakoak izan ziren (ikus Uztarrian, Ibargurenek ekitaldian irakurri zuen testua). Lagun hauen ahotik entzun ahal izan ziren Segurolaren hitzak: bere barruak nola sentitzen zituen, aurrera begira jarrita zer ikusten zuen, bere bizitza izan zenaz eta bere buruaz beste bat egiteaz zer pentsatzen zuen, buruko gaixotasuna nola kudeatzea hautatu zuen, emazteari minik ez egiteagatik eusten ziola une horretan bizitzari baina aurkituko zuela minik egin gabe askatzeko moduren bat...

Ezustean harrapatuak zituen Segurolaren heriotzak lau lagun ez beste guztiak, eta agur ekitaldi zibilak lagundu zien bere laguna zen bezalaxe agurtzen eta buruko gaixotasunez eta suizidioaz ahobizarrik gabe publikoki hitz egiten/entzuten. Segurolak hiltzea erabaki zuen, eta azken ekintza honetan ere pasarazi zuen gizartean zabaltzeko mezu bat, bere esan eta idatzi guztien ezaugarri berak dituena: (intzentsu usaineko) kontsentsu orokorra zalantzan jartzen duena, ikuspegia zabaltzeko eta pentsamendu kritikoa elikatzeko aberasgarria, entzuteko gordina. "Minbiziaren azken fasean dagoenean norbait, guztiok onartzen dugu hil egin behar duela eta are gehiago, mina arintzeko eta bukaera azkartzeko botikak emateko prest egoten gara... eta zergatik ez du jendeak hori bera onartzen buruko gaixotasuna denean?".

Argazkia: Koldo Hormaza.

Hitz-hartzeen tarteetan kantu bana eskaini zioten Iosu Isaias Isuo eta Jon Gurrutxagak. Azken honek umorez aipatu zuen sotanadun bertsoak soilik etorri zitzaizkiola burura eta hor ez erortzeagatik lehen aldiz publikoan gitarra jo beharko zuela, horren errua Ogrueri botaz. Igor Egiguren, Unai Agirre eta Jexux Mari Irazuk bertsoak kantatu zizkioten (kronika honen bukaeran irakurgai), eta adierazi zuten Ogruak ez zuela zurikeririk maite eta beraz, ez zutela beste erremediorik benetan kantatzea baino, gauza bakoitzari dagokion hitza jarriz.

Segurolaren lagun eta ARGIAko langile Eneritz Arzallusek egindako bideo montaiak bizi izandako momentu ederrak azaldu zituen, Izaki Gardenaken Horma eta haizea kantua eta Hankak Lurrin irratsaioko hainbat pasarte entzuten ziren bitartean. Haurtzaroko eta gaztaroko argazkiak, familiarekin eta lagunekin ageri zenak...

Ekitaldiari amaiera animosoa eman zion You are alwais on my mind  (Elvis Presleyrena, Pet Shop Boys taldeak abestuta) kantuak. Familiak hautatutakoa izan zen hau, izan ere, Iñaki Segurolak berau baliatu zuen bere aitari irratian agurra emateko.

Segidan, Segurolaren alargun Garbiñe Larreari besarkada emateko aukera baliatu zuten bertaratutakoek. Kanpoan jarraitu zuten negarrek, besarkadek, aspaldi ikusi gabekoei sorpresa atseginez egindako agurrek, informazio eta oroitzapen trukeek, barreek...

Bakoitza bere zauriarekin itzuli zen. Ekitaldia prestatu zutenei eta estalgarririk gabe hitz egin zutenei esker onez, lehena zauria garbitzea baita, gaiztotu eta zornetu ez dadin.

Bertsoen transkripzioa

Igor Egiguren:

Gaurko eguna da normalean

baino (e)re tristeagua

Ezustekoak mugitu digu

barruko sentimendua

duintasunez bizi izan haiz

hala utzi dek mundua

irabazia daukak guztion

errespetua Ogrua

behin eta berriz irakurriko

diagu hire librua.

 

Momentu hontan ez da sentitzen

besterik, beldur ta hotza

baina agudo gailenduko da

bizitakoaren poza

indiferentzi orokorrean

maitatzen dagon bihotza

ta bakarrikan gai egiteko

horren kritika zorrotza

hire argian aurrean ez dek

ezer ere heriotza.

 

Nola domatu sentimendu bat

barrutik datorrenian?

Ezin dulako ezer ulertu

arrazoian izenian...

Nahiz eta faltan botako haugun

borrokan aldamenian,

poz bihurri bat bazeukeagu

petxuaren barrenian:

derrigorturik etorri hitzan

hoa askatasunian!

 

Unai Agirre:

Aspaldi ez ginun egondu eta

luze zenaren ustia

banian eta egokitu dek

gure mundu hau uztia!

Bazekiagu, ez dituk maite

losintxa eta lustria...

Errespetuan adio Ogro

bi begi malkoz bustia.

Ez pentsa gero erantzun bila

ni galdezka ikustia

hire eskutik idatzia dek

"dena ez dala guztia".

 

Jexux Mari Irazu:

Orotariko zerbait

bazebilen Ogrun

hirekin ez nikek nahi

zurikerin jardun

ezin izan leizkenak

bazitezkek lagun

hire zabaltasuna

bihotz eta garun

ezin izan leizkenak

bazitezkek lagun

ze gerra eman deken ta

zenbat maite haugun!