Iñaki Segurola Amutxastegi "Ogru" (1962, Azpeitia) hil da. Besteak beste idazlea, hiztegigilea eta irratietako ahotsa zenari apirilaren 16an egingo diote agur zibila.
Iñaki Segurolak Orotariko Euskal Hiztegia landu zuen urtetan, baita Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa ere. Euskaltzain urgazlea zen 1991tik. Euskarak hizkuntzan daraman filosofiaz idatzi zuen Sed quia sua (2020, Erein) saiakeran. Liburu honetaz elkarrizketatu zuen Kepa Matxainek ARGIAn: "Jada ez gara gai hizkuntza bizi bat transmititzeko".
Lehen saiakera 2005ean kaleratu zuen, Alberdaniarekin: Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo. Ondoren idatzi zituen Nere gorringotik (2008, Alberdania) eta Arrazoia ez dago edukitzerik (2012, Alberdania). Azken honi buruz Mikel Asurmendik ARGIAn egin zion elkarrizketa ikusentzun daiteke jarraian (eta hemen irakurri):
Koiteretzia eleberri dialogikoa da bere azken lana (2021, Alberdania). Konfinamendu garaian idatzi zuen, eta bertan jaso zituen garai hartan elikagai bila joandakoan topo egiten zuten herritarren elkarrizketak eta ikuspegiak.
Irratietan ere ahots ezaguna zen berea. Hankak Lurrin saioa egin izan du azken urteetan Kontrako Eztarrixe irrati librean (hemen daude saio denak entzungai). ARGIA Saria irabazi zuen irratsaio honek 2020an. Bideoan 16:20 puntutik aurrera ikus daiteke unea, eta entzuleak barrez jarri zituen Segurolaren hitzartzea:
Euskadi Irratiko Arratsean saioan hamar urtetik gora egin zituen Sermoia izeneko iritzi tartean.
Agur ekitaldi zibila apirilaren 16 arratsaldean egingo zaio, 19:00etan Azpeitiko Carmona tanatorioan, Agurtzeko Aretoan.