argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Caminok “Amiküze eskualdeko euskara” ikerlana aurkeztu du Donapaleun
  • Iñaki Camino hizkuntzalari eta  EHUko irakasleak otsailaren 4an aurkeztu du Donapaleun Nafarroa Behereko eskualde horretako hizkuntzaz egina duen azterketa, “Amiküze eskualdeko euskara”, laster liburu formatuan plazaratuko duena. Hitzaldi honekin hasi ditu Zabalik euskaltzaleen elkarteak urteroko Otsail Ostegunak, 21ean -igandez- Donapaleluko plazan Libertimendua herri antzerkiarekin bururatuko direnak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko otsailaren 05
Iñaki Caminok eskaini du Donapaleun Ostegun Otsailetako lehenbiziko hitzaldia. (Argazkia: ARGIA)henbiziko

Urte luzez aztertu duen Amikuzeko euskara Caminok aurkeztu zuen Donapaleu hiriaren inguruan auzoko Zuberoako eta Hazparne-Oztibarre-Arberua baxenafartarretako euskalkien mende luzez ondutako hibridazio gisa, auzokoen ezaugarri asko bildu dituena baina aldi berean nortasun berezi bat duena. Amikuzeko eta eskualde inguruko herri guztietan aurkitu eta elkarrizketatu du lekuko bana Caminok, eta Amikuzekoak dauzkan berezitasunak kasik etxez etxe nola aldatzen doazen erakutsi du, hitzaldi erudito bezain entzun errazean, hiztun zaharrei bildutako grabazioen pasarte batzuekin ilustraturik.

Hizkuntzalaritzan 1980ko hamarkadan oso gazterik hasi zen Camino, garai hartan eta luzaz ARGIArentzako kolaborazio mamitsuak ere eskainiz. Iruñerriko eta Aezkoakoak bezala Amikuzeko euskalkia ere beti interesatu zaio, hitzaldian esan zuenez, euskalki indartsuagoen mugetan garatu diren heinean. Amikuztarrek –eta entzuleek berretsi zuten irakasleak esana- halako konplexu batez gutxietsi izan dute berena, Zuberotarrek ez bezala, euskara benetan onak zirelakoan Garazialdekoa edo Hazparnekoa.

Zabalik euskaltzaleen elkarteak 20. aldiz antolatutako Otsail Ostegunak ekitaldietako lehenbizikoa izan da, ondorengo ostegunetan Naroa Anabitarte, Katixa Dolhare, Bea Salaberri eta Txerra Rodriguez mintzatuko dira. Otsailaren 21ean Donapaleuko plaza eta karriketan Libertimendua eskainiko dute, inauteri giroko herri antzerkien artean interesgarrienetakoa dena.