argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Bilbaok gose greba bertan behera laga du
  • Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak jakinarazi duenez, Iñaki Bilbao Goikoetxea preso politikoak bertan behera utzi du 50 egunez luzatu den gose eta komunikazio greba.

Axier Lopez @axierL 2020ko urriaren 30

Joan den astean Puerto Real (Andaluzia) hiriko ospitalera eraman zuten eta han derrigorrez zainetatik elikatu dute, haren gogoaren kontra eta epailearen aginduz. Ostegunean ospitaletik Puerto-III espetxeko erizaindegira eraman dute eta horren ostean erabaki du 50 eguneko gose eta komunikazio greba bertan behera uztea, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak jakinarazi duenez.

Irailaren 9ko goizaldean abiatu zuen gose greba Iñaki Bilbao Goikoetxea euskal preso politikoak Puerto III espetxean. Presoak iragarri zuenez, “Euskal Herria Independente, Sozialista, batua eta euskalduna” lortzea zen haren aldarrikapena. Bilbaok aldarrikapen horrekin 2017ko maiatz-ekainean hilabetez egin zuen beste gose greba bat, 30 egunen buruan eten zuena 16 kilo galduta eta jadanik ura edateko arazoak hasita. Bilbao Lezamakoa da (Bizkaia), 65 urte urte dauzka eta horietatik 36 daramatza espetxean.