Iñaki Bilbao preso politiko lezamarrak egarri greba egiteari utzi dio eta gose eta komunikazio greba mugagabea egiten jarraituko du, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez.
Astelehenean, azaroak 9, erietxera eraman zuten Iñaki Bilbao arnasteko zailtasunengatik. Asteazkenean berriro ingresatu zuten Cadizko Puerto III espetxeko erizaindegian. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aditzera eman duenez, ostegunean telefono dei batez bere ingurukoei jakinarazi zien aurreratzean gose eta komunikazio greba egingo duela, 10 egunez egindako egarri greba bertan behera utziz.
Beraz, aurretik gose eta komunikazio greban egindako 50 egunei gehitu behar zaizkie orain arteko gose eta egarri grebaren 10 egunak.
Sortuk: Bilbaoren borrokaldiak "ez du zentzurik"
Bilbaoren protestaldiari buruzko oharra kaleratu du Sortuk aste honen hasieran. Alderdiaren ustez, "ekimenak ez du zentzurik, interpelazio edota eskaera gauzagarririk ez duenez gero, eta ez du zerikusirik ezker abertzalearen kultura politiko historikoarekin zein gurean gure herriarekiko konpromisoa jorratzeko baliatu izan ditugun moldeekin". Bilbaoren grebaren eskaerak independentzia eta sozialismoa direnez, Sorturen ustez, "horrela planteatuta, ekimen horrek bukaera posible bakarra du: Inñakiren heriotza", eta, azpimarratu dutenez, hori ez da alderdiak nahi duena.