Asteazkenean Andaluziako Puerto III espetxetik atera eta ospitalera eraman zuten Iñaki Bilbao Goikoetxea Txikito eta derrigorrez elikatu dutela jakinarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Irailaren 9ko goizaldean abiatu zuen gose greba Iñaki Bilbao Goikoetxea euskal preso politikoak Puerto III espetxean eta gose grebaz gain Bilbaok uko egin zion bere ziegatik ateratzeari ere; beraz, ez dauka patiora irteteko modurik, kanpoarekiko inolako komunikaziorik, bisitarik ezta telefonozko elkarrizketarik ere. Presoak ez du bere bizi-baldintzak hobetzeko edo bestelako ezer lortzeko inolako eskaririk egin, "Euskal Herria Independente, Sozialista, batua eta euskalduna" lortzea izan da haren aldarrikapena.
43 egunez gose greban izan ostean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi du asteazkenean ospitalera eraman eta elikatzera derrigortu dutela..
Irailaren 29an, epaileek aginduta Bilbao ospitalera eraman zuten bere osasun egoera azterteko; alabaina, laster eraman zuten bueltan Puerto III presondegira. Geroztik presoaren egoeraz ez da albisterik jakin, nahiz eta janariari uko eginez zazpi aste baino gehiago daramatzan.
Iñaki Bilbaorekiko elkartasunez mobilizazioak izan dira egunotan zenbait herritan, hala nola Portugaleten, Berriozarren, Errenterian, Azkoitian... Astebururako AEM-ek iragarri ditu elkartasunezko hiru eguneko baraualdia eta manifestazioa Donostian.