argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Bilbao Goikoetxea ‘Txikito’-k bost aste daramatza gose greban
  • Puerto de Santa Mariako (Andaluzia) Puerto III espetxean dagoen Iñaki Bilbao Goikoetxea Txikito-k urriaren 14 honetan bete ditu 35 egun gose eta komunikazio greban. Berarekiko elkartasunez manifestazioa egin zuten Bilbon joan den larunbatean, urriak 10, eta mobilizazio gehiago daude iragarrita egunotarako.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 14a
Iñaki Bilbaoren aldeko manifestazioa (argazkia: AEM).

Irailaren 9ko goizaldean abiatu zuen gose greba Iñaki Bilbao Goikoetxea euskal preso politikoak Puerto III espetxean. Orduan Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AEM) aditzera eman zuenez, gose grebaz gain Bilbaok uko egin zion bere ziegatik ateratzeari ere: “Horrek esan nahi du ez duela patioko ordurik izango eta ez duela inongo komunikaziorik mantenduko, ez bisitarik ezta telefonozko komunikaziorik ere”.

Presoak iragarri zuenez, “Euskal Herria Independente, Sozialista, batua eta euskalduna” lortzea zen haren aldarrikapena. Bilbaok aldarrikapen horrekin hilabetez egin zuen gose greba 2017ko maiatz-ekainean, 30 egunen buruan eten zuena 16 kilo galduta eta jadanik ura edateko arazoak hasita.

Oraingo greba honetan, epaileek aginduta Bilbao ospitalera eraman zuten irailaren 29an bere osasun egoera azterteko; alabaina, laster eraman zuten bueltan Puerto III presondegira.

Iñaki Bilbaorekiko elkartasunez manifestazioa egin zuten joan den larunbatean, urriak 10, Bilboko kaleetan. AEMk zabaldu duenez, mobilizazio gehiago daude deituta egunotarako Euskal Herriko hainbat herritan.