Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak onartu du herritarrak "nekatuta eta haserre" daudela obren iraupenarekin. "Euskal Y" deiturikoaren hormigoizko azpiegituraren lanak 2025ean amaituko direla hitz eman du, baina gaineko egitura guztia eta hiriburuetarako sarbideak egin gabe egongo dira oraindik.
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak Bilbon asteazkenean egindako Nueva Economía Forumeko hitzaldi batean nabarmendu nahi izan du AHTren lanak amaitzear direla eta "tunelaren amaierako argia" ikusten ari dela Euskal Y delakoa.
Jose Antonio Santano Espainiako Estatuko Garraio idazkariak ere mezu bera helarazi du foro berean: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zatiak 2025eko lehen seihilabetekoan amaituta egongo direla hitz eman du.
Baina baieztapen horien ondoren, beren hitzartzeetan hainbat nabardura egin dizkiete AHT osoki martxan jartzeko epe eta lanei eta Arriolak berak aitortu du obrak amaituta ikusteko oraindik "urtetxo" batzuk behar izango direla.
Eusko Trenbide Sareak AHTren trazatuaren mapa argitaratu du eta bertan adierazten da azpiegituraren lanak banatu diren 44 zatitatik 12 obratan direla oraindik eta beste lau proiektuan baino ez daudela
Obrak "lasterka" egin beharko dituzte
Hemendik urte eta erdi barru amaitzea espero dutena hormigoizko azpiegitura eta tunelak dira. Nolanahi ere, oraindik hainbat zati daude borobiltzeko. Gipuzkoan, Hernani-Astigarragako zatian lanean ari dira oraindik, adibidez.
Euskal Trenbide Sarea sozietateak hiru hilean behin Euskal Y-aren lanen egoeraz argitaratzen duen azken txostenean, 2023ko abenduaren 31ko data daramana, AHTren trazatuaren mapa dakar eta bertan adierazten da azpiegitura banatu den 44 zatitatik 12 obratan direla oraindik eta beste lau proiektuan baino ez daudela.
Atzerapen handiena Bergarako "lotunea" deiturikoan –Udalaitz mendia eta inguruneak tunelekin zulatzen dituena– dago, zenbait zatitan erdia bakarrik baitago egina.
Hala, El Diario Vasco egunkariak, Arriolaren hitzaldiaren biharamunean argitaraturiko erreportaje zabal batean "proiektua ezagutzen duten iturriak" aipatuz azaldu du Santanok emandako epea betetzeko "lasterka egin" beharko dutela obrek.
Beste guztia falta da
Horren ondotik baina, gaineko azpiegitura osoa jarri beharko du Espainiako Gobernuko Garraio eta Azpiegitura Ministerioak. Errailak, seinalizazioa, elektrifikazioa, segurtasun elementuak, eta abar.
Ia hogei urte igaro dira AHTren lanak hasi zirenetik, eta hasierako obrak berrikusi behar izatea ere ez da baztertzen. Aurrekariak badaude: duela urte batzuk, tuneletan egokitzapenak hasi behar izan zituzten
Ia hogei urte igaro dira AHTren lanak hasi zirenetik, eta hasierako obrak berrikusi behar izatea ere ez da baztertzen. Aurrekariak badaude: duela urte batzuk, tuneletan egokitzapenak hasi behar izan zituzten, larrialdirako bideak jarri eta Europar Batasuneko araudiak betetzeko, eta faktura 52 milioi euro garestitzea ekarri zuen.
Aurrekontuaren herena exekutatu gabe oraindik
Santanok azaldu duenez, orain arte 4.000 milioi euro gastatu dituzte makroazpiegituran, baina beste 2.000 milioi euro gastatuko dituzte hiriburuetarako sarbideak egiteko, hau da, soilik aurrekontuaren %66 dago exekutaturik.
Ekopol EHUko ikerketa taldeak, aldiz, gastua 10.000 milioi eurokoa izan litekeela uste du, eta Euskal Y-ak ez duela errentagarri izateko gutxieneko bidaiari kopururik izango, ezta errepideetatik merkantziarik aterako ere.
Ez hiriburuetara sarbiderik, ez konexiorik
Oraingoz Donostiako sarbidearekin hasi dira, baina Bilbokoa eta Gasteizkoa oso urrun ikusten dira oraindik, seguruenik hurrengo hamarkadara arte itxaron beharko dute biek, gutxienez 2033 urtera arte.
Hortaz, hemendik "urtetxo" batzuetara Euskal Y-a martxan jartzen bada, behin-behineko geltokiekin izango da, eta Burgos, Nafarroa zein Ipar Euskal Herriko konexiorik gabe. Nafarroako kasuan oraindik ez da erabaki ere egin nondik izango den lotura, eta Iparraldean berriz, 2042 urtea da eman den azken epemuga, baina auzapez eta hautetsiek zalantza handiak agertu dituzte.
Hemendik urte batzuetara AHT martxan jartzen bada, behin-behineko geltokiekin izango da, eta Burgos, Nafarroa zein Ipar Euskal Herriko konexiorik gabe
Tren sozialaren alde mobilizazioak
Bitartean, azken hogeita hamar urtetan bezala, herritar ugarik azpiegitura erraldoiaren kontra mobilizatzen eta tren sozialaren aldeko alternatiba aldarrikatzen jarraitzen du.
Apirilaren 20an manifestazioa egingo dute Altsasun, eta otsailaren 22tik 25era bitartean, berriz, Tren Publiko eta Sozialaren aldeko jardunaldiak egingo dira, Sakana, Arabako Lautada eta Goierriko hainbat herritan.