argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Arriola salatu dute Gasteizko epaitegietan Kutxabanken 500 etxebizitza inbertsio funts bati saltzeagatik
  • Arriolak zuzentzen duen Etxebizitza sailak “iruzurra, prebarikazioa eta maula” delituak egin dituela uste du Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Ekimenak. 500 etxebizitza saldu dizkio Vitalquilerrek Suediako Catella funtsari. Diru publikoz eraiki ziren etxebizitzak 2008an, babestutako alokairu-etxebizitza izan zitezen.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 28a

Ekimeneko kideak Gasteizko Guardiako Epaitegian salaketa aurkeztu dute ostegun eguerdian, eraikinaren kanpoaldean kontzentrazioa egiten zuten aldi berean. Salaketa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolaren aurka jarri dute, saileko arduradun politiko gisa. Eusko Jaurlaritzako eta PSEko kideari “prebarikazio, iruzur eta/edo maula” delituak egozten dizkio ekimen herritarrak.

Apirilaren 7an jakinarazi zen publikoki 500 etxebizitzen salmenta, osasun krisi eta konfinamendu garaian. Vital Kutxak (ondoren Kutxabank) eta Adania enpresa taldeak sortu zuten Vitalquiler 2001 urtean, etxebizitza eskubidearen aldeko ekimenak azaldu duenez, “Gasteizen alokairuko etxebizitza babestuen parke bat sustatzeko helburuarekin”. 2008an hasi ziren eraikitzen apirila honetan saldu diren etxebizitzak: “ Salburua eta Zabalganako hainbat bloketan daude kokaturik eta babestutako alokairu-etxebizitzak izateko konpromisopean finantzaketa publikoarekin eraiki ziren”. Orain Kutxabankek etxebizitza horietako bere partea Catella inbertsio funts suediarrari saldu dio, “alokairu sozialaren kudeaketa esku pribatuetan utziz”. Ekimenaren arabera, Catella IKEA multinazionalaren jabeek sortu zuten 1987an, eta Espainiako Estatuan beste 2.000 Babes Ofizialeko Etxebizitza erosi ditu azken urteetan.

Hormen atzean, pertsonak

Etxebizitza horietan bizi diren pertsonekiko kezka azaldu du ekimen herritarrak. Horietako asko “babesgabetasun egoeran” daudela adierazi dute, eta alokairuaren baldintzak aldatzekotan ordainketari aurre egiteko ezinean aurkitu daitezkeela. Salmenta akordioaren arabera, inbertsio funtsak 2033 arte errespetatu behar ditu egungo baldintzak, “baina inbertsio-funts batzuen jarduteko modua ikusita, ez litzateke harritzekoa izango horiek aldatzea”. Bartzelonan, Madrilen edo Donostian horren aurrekariak daudela salatu dute. Donostiako Benta Berriko kasua azpimarratu dute, funts berbera baita “zonaldean ehunka etxebizitza erosi eta gutxira, etxegabetze-aginduak izapidetzen” hasi dena.

EAJ-PSEren arduradun

Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiak egin ditu arduradun plataforma herritarrak: “Salmenta baimentzeaz gain, uko egin diote Euskadiko Etxebizitza Legearen 65. artikuluan jasotzen diren atzera eskuratzeko zein eroslehentasun eskubideei. Hala, etxebizitzen parke publikoa handitzeko aukera handia galdu dutelarik”. Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza arloko politika herritarren beharren aurkako dela salatu dute, eskubidearen aurretik “negozio pribatua” lehenesten ari delako.