argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Arriola, irregulartasunaren itzala daraman kontseilari bat, berriz ere AHTren gidari
  • Iñigo Urkulluk bere exekutiboan egindako aldaketa nabarmenetako bat da Iñaki Arriola PSOE-EEko buruzagiarena. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu izango da hemendik aurrera. Zaldibarko hondamendiaren erantzukizuna saiheste aldera egindako mugimendua dela dio zenbaitek; baina askok ahaztu dute AHTren obretan hainbat irregulartasun gertatu zirela bera arduradun politiko nagusi zen garaian. Orain, Arriolak gidatuko du berriz azpiegitura faraonikoa.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko irailaren 10a
Iñaki Arriola garraioari buruzko telekonferentzia batean (arg.: Eusko Jaurlaritza)

Zaldibar, Zaldibar, Zaldibar. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariarentzat eta bere kontseilarientzat amesgaizto politiko bilakatu zen hilabete luzez, bi langile eta herritar askorentzat benetako zorigaitza izandako zabortegiaren hondamendia. Iñaki Arriola buru zuen Ingurumen Sailean zentratu zituzten batzuek eta besteek begirada guztiak, Eusko Jaurlaritzaren bi bazkideen arteko barne borroka bat ere tartean zela.

Arriolak azalpen ugari eman behar izan zituen, Ingurumen kontseilari bezala, Verter Reciclyng enpresari emandako lizentziez, egin gabeko inspekzioez, hondakin industrialen kudeaketan izandako irregulartasunez… Duela egun gutxi jakin dugu kanpo auditoria batek errugabetu egin duela buruzagi sozialista, esanez bere sailak kontrol baldintzak bete zituela. Ikusi beharko da Europako Batzordeak zer dioen, auziaz egiten ari den ikerketa amaitzean.

Nolanahi ere, Arriola sailez aldatu eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu izango da hemendik aurrera. Hedabide nagusiek Zaldibarko fokutik urruntzeko mugimendu gisa ulertu dute kargu aldaketa, bere irudia “desgastatu” duelako aferak. Ez dirudi gauza bera esan litekeenik duela urte batzuk gertaturiko beste eskandalu batekin.

PSOE-EEko buruzagia Eusko Jaurlaritzako kontseilari kargua hartzeko unean (arg.: Irekia)

“Ez dakit zertaz ari zaren”

Vocento taldeko egunkariek zuzeneko iturriak erabiliz azaldu dutenez, Arriolak AHTko obren gidaritza hartuko du berriz ere, Patxi Lopez lehendakari zen garaian egin bezala. Oraingoan, gainera, obra hori amaitzeko helburuz –2016rako EAEko hiriburuak konektaturik egongo zirela esan zuen, behinola–.

Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburu izan zen 2009-2012 agintaldian eta ordukoa da ‘Euskal Y’ delakoan izandako ustezko irregulartasun eta eskandalu handienetako bat, azkenean epaitegian ikertu gabe geratu zena. Beasain Ekialdeko AHTko obren zatian, %23ko gainkostuak atzeman zituzten, sekula egin ez zen miloi erdi euroko hormigoi-makina bat eta guzti.  

AHTren obretako ustezko irregulartasun kasuaz galdetzean, Arriolaren erantzuna lehorra bezain iheskorra izan zen:  “Ez dakit zertaz ari zaren, ezta zertaz ari den zuk aipatzen duzun albiste hori ere”

Gainkostuen berri 2015ean eman zuen Gara egunkariak, eta 2017an El Diario.es-ek argitaratu zuenez Ertzaintza eta Guardia Zibila elkarlanean aritu ziren ikertzen hilabete luzez, Arabako fiskalaren eskariz. Baina kasua Gipuzkoako fiskaltzara igaro zenean, honek egun gutxiren buruan itxi zuen diligentziarik egin gabe. Horren inguruan galdetuta, Arriolaren erantzuna, lehorra bezain iheskorra izan zen:  “Ez dakit zertaz ari zaren, ezta zertaz ari den zuk aipatzen duzun albiste hori ere”.

Orain, Arriolak sail berria hartu orduko, goitik behera berrantolatu du, Vocentoren arabera, eta bere gertuko bat izendatu du makinista-ondoko: Pedro Marco de la Peña, zein eta Balzola eta Amenabar eraikuntza enpresetan zuzendari eta administratzaile izandakoa.