argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Aldekoa hil da, ezker abertzaleko kide historikoa
  • 81 urterekin zendu da Iñaki Aldekoa Azarloza (Zornotza, 1940-2021) Herri Batasuna eta Aralar alderdiekin hainbat kargu izan zituen ezker abertzaleko kidea. Frankismo betean hasi zuen bere ibilbide politikoa eta ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko Aljerreko elkarrizketetan ere hartu zuen parte, besteak beste.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 08a
Iñaki Aldekoa 2011n egindako argazki batean (arg.: Alex Larretxi)

Iñaki Aldekoa, Nafarroako Parlamentuan parlamentari izan zen Herri Batasunarekin, baita Espainiako Kongresuan diputatu ere, 1986an. Lehenago, ESB-Euskal Alderdi Sozialista alderdiko idazkari izan zen.

Ingeniaritzan doktore, bere ibilbide militantea EGIn hasi zuen, eta Larrinagako kartzela ezagutu zuen horregatik urtebetez. Frankismo garaian ETAren V. asanbladan banatutako korronte armatuetako batekin, ETA Berri-rekin egin zuen bat Aldekoak denbora laburrez; ondoren ELA sindikatuan ere ibili zen. 80ko hamarkadan berriz ere kartzelaratu zuten hiru urtez ETAri laguntzea egotzita.

Ezkerrean, ESBren ekitaldi batean hitzaldia ematen. Eskuinean, 1986ko hauteskundeetan bozka emateko unean (argazkiak: ARGIA artxiboa)

Aldekoak Aljerreko 1989ko elkarrizketetan hartu zuen parte, eta ondoren HBren posizioetatik aldendu eta Txilen bizi izan zen denbora batez. Aralar sortu zenean alderdi horretako kide egin zen eta 2007an Arabako foru diputatu hautatu zuten Aralar-EB koalizioarekin. Ostegun goizaldean hil da.

Hemen ARGIAk Aldekoarekin izandako bi elkarrizketa:

- "Ez goaz Madrilera kredentzialak hartzera eta agur Ben-Hur" (2011)

- "Azken Fasean Sartu Gara" (1983)