PSOEk eta Podemosek osatutako Espainiako Gobernuak Saudi Arabiari armak saltzeko erabakia mantendu dutenez, alderdi morearekin harremanak hausteko erabakia hartu du Ina Roblesek. Maiatzean Getxoko zinegotzi kargua utzi zuen, Erromoko Itzubaltzeta Gaztetxearen desalojoaren harira.
Ina Robles suhiltzaile objetoreak Elkarrekin-Podemos alderdiarekin “lotura oro” apurtu duela iragarri du Twitter bidez, Madrilgo gobernuak Saudi Arabiari armak saltzeko erabakiari eutsi diolako. 2017. urtean egin zen ezaguna Robles, Bilboko portuko ontzietan Saudi Arabiarako armak zamatzen parte hartzeari uko egin zionean. Geroztik, herrialdeak Yemenen kontra egiten dituen bonbardaketak gogora ekarri ditu behin eta berriz.
Roblesek azaldu duenez, PP agintean zela Saudi Arabiara “Gernikaren tamainako hiri bat egunero suntsitzeko adina lehergai” bidali zuten Bilboko portutik. Hori ikustean, ezetz esan zion zama lanetan parte hartzeari. “Mendeko hondamendi humanitario handienaren konplize bihurtzen gintuen horrek. Nire kritika eta oposizioa erradikala izan zen”, azaldu du Roblesek.
PSOEren Gobernuaren politika ez da bestelakoa izan ordea, Saudi Arabiara armak bidaltzen jarraitu baitute. 2018an Pedro Sanchezek salmentak etengo zituela esan zuen, herrialde arabiarreko gobernuak Jamal Khaxoggi kazetaria hil ostean. 2018ko abuztuaren 9an, Espainiako Gobernuak saldutako armekin Saudi Arabiak 40 haur hil zituen Yemenen, MK82 bonba gidatuak erabiliz. Hilabete geroago, Josep Borrellek baieztatu zuen 400 MK82 bonba bidali zituela Riadera, “alboko kalterik eragiten ez dutelako".
Ekainaren 30ean gobernuak armen salmentari buruzko kontuak eguneratu zituen. Bertan jakinarazi zuten salmentekin jarraitu ez ezik, 30 bidez handitu dutela material belikoaren esportazioa. Agindutako arma salmentaren berrikuspena “ke-lainoa” izan dela ondorioztatu du Roblesek.
Maiatzaren erdialdean beste erabaki bat hartu zuen Roblesek bere Getxoko zinegotzi karguari zegokionez. “Desengainatuta” sentitu zen politika instituzionalarekin, batez ere EAJ eta PSEren udal gobernuak “oposizioa kriminalizatzeko” eginiko saiakerarengatik. Erromo auzoko Itzubaltzeta Gaztetxearen kontra Ertzaintzak eta Udaltzaingoak egindako desalojoarekin desados zegoen Robles.
Beheko txioarekin hasitako harian esplikatu du Roblesek alderdia uzteko erabakia.
En 2017 bajé a los infiernos por decir NO a la venta de armas a Arabia Saudí.
Perdí 10 kg que no me sobraban, muchas noches sin dormir, ataques de ansiedad y mucho dinero en abogados.
Hoy vuelvo a decir NO, un NO que me duele casi como aquel, y que quiero explicar bien 👇
— inarobles (@inarobles13) June 30, 2020