argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
In memoriam

Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko apirilaren 13a

Itsas Mendi zineman film bat ikustea. Filmaren aurretik –noisette– edo ondoren –crème– trinketean kafe bat hartzea. Baionara pelegrinatzea, liburu zaharrak erosteko bizioarekin konplitzera. Puntaleko banku batean esertzea, liburutegi publiko eta aldi berean pribatu ere baden banku bat. Osteguneroko bazkari legea, Casa Santamarian. Igerilekura gerturatzea –ados, igeri egitera ere bai–. Lanerako bidean, eta lanetik etxerakoan, France Culture entzutea –egunotan kate hori ere ezin da entzun, koronabirusa gora, koronabirusa behera; France Musique bakarrik uzten da entzuten–. Pausuko kioskoari bisita egitea, eguneko prentsaren bila, tarteka aldizkari literarioren bat. Lagun liburu-dendan libururen bat eskuratzea, inguruotan ez baitago halako fondorik daukan askorik. Irungo Oiasso erromatar museora joatea, hitzaldi, irakurle klub, noski museoa bera bisitatzera. Hamar zentimetroko lodiera daukan tostada horietako bat jatea, marmeladarekin, Kai Alden. Biriatuko frontoian paripea egin ondoren Hiribarren ostatuan panaxe bat hartzea; eta hilerriari ohiko bisita egitea, imajinatzea non nahiko nukeen pasa eternitate osoa. Barçaren partidak ikustea. Goizero leku berean kafea hartzea –ebakia, deskafeinatua–, nahiz kafe prestatzaile estimatuak ez begiratu begietara. ARGIA paperean jasotzea –eta postariak tinbrea jotzea eta esatea aldizkaria utzi dizula, baina postontzitik kanpo, ez baita bertan kabitzen–. Humanitatearen une goren hauek moztu eta karpetan gordetzea, inoiz inork, adibidez seme-alabek, gizontxo honek garai batean idatzi zuena irakurri nahiko balu –adibidez pandemia garaiotan, nire borondatearen kontra, konfinamenduaren egunkari moduko bat bilakatzen ari baita zutabea azken asteotan; ea noiz itzul gaitezkeen gauza inportanteez hitz egitera, adibidez literatura frantsesaz–.

Horiek guztiak eta gehiago dauzkat faltan egunotan, memorian. Eta, noski, batez ere, horiek guztiak eta gehiago egiteko behar ditudan pertsonak.