argia.eus
INPRIMATU
Imran Khan: Pakistango armadari aurre egitearen arriskuak

Mikel Aramendi 2023ko maiatzaren 15
Imran Khan, Pakistango lehen ministro ohia. 2018an hartu zuen kargua, eta 2022an utzi, zentsura mozio bat ezin gaindituta / Argazkia: World Economic Forum

Zulfikar Ali Bhutto, mende laurdenez Pakistango politikagintzan factotuma izana, urkatu zuten eguna, 1979ko apirilaren 4a, ez zen egun oso atsegina izango, seguruenera, Imran Khan kriket-jokalariarentzat. Egia noraino heltzen den eta legenda urbanoa non hasten den bereiztea ia ezinezkoa duten ele-meleek diote Bhuttoren alaba Benazzir eta Imranen arteko amodio-kontutxoren bat izan zela, biak, eliteko pakistandarrak, Erresuma Batuan zebiltzan bitartean, urte batzuk lehenago. Batek daki.

Politikoki, ordea, ez dirudi aparteko asaldurarik eragingo zionik Imrani: Ali Bhutto sindhi aberatsaren PPParen keinu sozializanteek ez ziren bereziki ongietorriak izango Lahoreko klase ertaineko Khan familia paxtunean. Eta, nolanahi ere, kriketa zen orduan Imranen grina eta bizimodua. 20 urte baino gehiagoko ibilbidean, goren-goreneraino iritsiko zen Pakistango kirol nazionalean, mito bihurtzeraino. Benetan aberastuz, bai horixe.

Bi aldiz lehen ministro izan eta oposizio-buru zela atentatu ikaragarri bati iskin egin ondoren, 2007ko abenduaren 27an bigarren bonba batek Benazzir hil zuenean, ordea, Imran Khan, kriketlari playboya ordurako politikagintzan murgilduta zegoen guztiz berea zuen eta duen plataforma politikoan: Tehreek-e-Insaf. Eta hilketa gogotik arbuiatzeaz harago, seguruenera, kontuak aterako zituen bere baitan.

Pakistango politikagintzan, beste arrisku askoren artean, hil edo bizikoa baita zerbait: Armadari enbarazu egitea. Aspaldiko aburua da: munduko edozein herrialdetan, estatuak armada bat dauka; Pakistanen, Armadak estatu bat dauka. Ez da guztiz gezurra; adibidez, arma nuklearrak ere Armadak kontrolatzen ditu, ez Gobernuak.

Eta oso erraza da Pakistango Armada haserraraztea: Bhutto –aita nahiz alaba–, Nawaz Sharif eta abar dira lekuko. Hortik aurrera, epaitegiak edo inoiz argituko ez diren hilketak etorri ohi dira. 2022an iritsi zitzaion txanda Khani, oposizio osoaren eta bere diputatuetako batzuen traizioak erauzi ziotenean 2018ko hauteskundeetan irabazi zuen agintea.

Gobernu-kudeaketa populista –arrakastatsua txiroenen, alegia, gehiengo zabalaren artean– eta indar tradizionaletatik kanpoko mugimendu jendetsua mobilizatzeko gai izatea baino gehiago, Imran Khanen berritasuna da, dakiena jakinda, Armadari aurre egiten ausartu dela. Eta, bidenabar, AEBrekin biziro etsaitu dela. Kriketlari onen atrebentzia-edo izango da.

Orain, krisiaren puri-purian, Armadako buruek erail egin nahi dutela dio Imran Khanek. Apustu egingo nuke baietz.